Euskal musikaren erreferente den Oskarbi taldeak bere disko berria aurkeztuko du ostiralean, Aiako Probalekuan. Gipuzkoa Donemilia lanaren bidez, euskal kantagintzan egindako 60 urteko ibilbidea ospatuko dute, belaunaldi ezberdinak batu dituen musika ondarea oholtzara ekarriz.
Gipuzkoa Donemilia Oskarbiren hamahirugarren diskoa da. Azken lana pandemia garaian argitaratu zuten, eta oraingo honetan 11 abestik osatutako bilduma kaleratu dute. Diskoa bost ataletan banatuta dago, kantutegi tradizionaletatik hartutako piezak eta sortu berriak uztartuz. "Lehenengo atalak 1.000 urte du izena, iaz mila urte bete baitziren Gipuzkoa hitza lehen aldiz idatziz agertu zenetik. Aurkikuntza horren harira sortu dugu Gipuzkoa kanta. Gainera, idatzi berean lehen aldiz aipatzen da Aiako udalerria ere, eta horregatik du balio berezia kontzertua bertan eskaintzeak", azaldu du Joxeluix Treku Oskarbiren fundatzaile eta abeslariak.
Trekuk gogorarazi du, halaber, mila urte inguru igaro direla Donemiliaga Kukulako (Errioxa, Espainia) monasterioan euskaraz idatzitako lehen esaldiak agertu zirenetik. "Esaldi horietako bat da 'Izioqui dugu guec ajutu ez dugu', eta aurkikuntza horrek inspiratu gaitu diskoko bigarren abestia, Donemilia, sortzeko", gaineratu du.
Diskoaren bigarren atalak, 500 urte beranduago izenekoak, beste bi abesti biltzen ditu: Perutxoren kantua eta Bernart Etxepareren kantuia. "Lehenengoa Gaspar Gomez idazle espainiarrak 1539an argitaratutako La tercera Celestina lanean jaso zen, eta guk eguneratu eta berrinterpretatu egin dugu", azaldu du Trekuk. Bestalde, Mosen Bernat Etxepareren kantuia Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko olerki autobiografiko ezagunean oinarrituta dago, taldearen ukitu pertsonalarekin.
Hirugarren atalak, Lehengo Oskarbi-k, Kattalin ttirun ttarun eta Adizan Gabriela abestiak biltzen ditu. "Lehenengoa Baztango (Nafarroa) kanta tradizionala da, eta guk bertsio berritu bat sortu dugu". Bigarrena, berriz, Nafarroako Larraintzarren jasotako euskal kanta herrikoia da, Aita Donostiak bildutakoa. "Musikalki ederra izateaz gain, bertan erabiltzen den euskaragatik ere berezia da", gehitu du abeslariak.
Laugarren atala, Gaurko Oskarbi, gaur egungo taldearen isla da. Bertan daude Lore bakartia maitasun abestia eta garai bateko landa bizitza gogora ekartzen duen Arto zuriketa berria.
Azkenik, bosgarren atala Ez Dok Amairuko lagunei eskainia dago. Oskarbik mugimendu hartan parte hartu zuen 1967 eta 1971 artean, eta omenaldi gisa hiru abesti bildu dituzte: Tiriki tauki, Oi Pello Pello eta Globo gorri.
60 urteko ondarea taulara
Hori horrela izanda, emanaldia ostiralean eskainiko dute, iluntzeko 20:00etan Probalekuan, eta sarrerak oraindik eskuragai dira musikaze.net atari digitalean, 10 euroan. Informazio gehiago eskuratzeko, Aiako Kultur Etxera (Gozategi plaza, 3) jo daiteke, baita 943-13 09 24 zenbakira deitu ere.