Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finaletara sailkatzeko lehen hitzordua izango dute bihar Aiako pilotariek. Gomazko paleta modalitatean finalerdietara heltzea lortu dute aiarrek, eta Azkoitia izango dute orain aurkari. Etxean jokatuko dute Aiakoek joaneko jardunaldia, Aiako frontoian, alegia, 17:00etatik aurrera.
Txapelketako final laurdenetan hasi zuen lehia Aiak, eta Soraluze izan zuen aurkari. Erraz nagusitu ziren aiarrak, plaentxitarrei 6 eta 0 emaitzarekin irabazita. Bihar aurrez aurre izango duten Azkoitiak, bere aldetik, 4 eta 2 emaitzarekin irabazi zion Astigarragari.
20 tantotarako hiru partidaz osatuko da jardunaldia. Lehenbizi, buruz buruko partida jokatuko dute, binakakoa ondoren, eta arratsaldeko kirol saioa bukatzeko, zazpi koadro barruko banakakoa.