Iturriotzen San Joan jaiez gozatzeko prest dira auzotarrak beste urte batez. Ekainaren 24a, San Joan eguna, izango dute egun handia, baina aurrez ere antolatu dituzte jai giroko ekintzak.
Datorren ostiralean, ekainaren 19an, abiatuko dituzte festak, XXX. Mus Txapelketarekin. 30 euro ordaindu beharko da, eta irabazleek txapela eta garaikurrak, 200 euro eta Katxiña txakolindegian bi lagunentzako afaria eskuratuko dituzte. Bigarren gelditzen direnek, garaikurrak, 160 euro eta bi lagunentzat afaria Izurtzun, eta hirugarren eta laugarren egiten dutenentzat ere izango dira afariak eta diru sariak.
Hilaren 20an erromeria izango da, eta 21ean, berriz, harri jasotzeko San Juan Saria. Partaide mordoa izango ditu lehiak: Mikel Lopetegi Urra, Gorka Etxeberria, Eneko Bilbao, Oier Azpeitia, Aratz Zubeldia, Aimar Ardantza, Julen Zengoitia, Estefani Etxebeste, Olaia Esnaola, Lierni Osa eta Malen Morandeira.
Egitaraua
Ekainak 19, ostirala
- 22:00. XXX. Mus Txapelketa Izurtzu erretegian. Izena 21:30ean eman beharko da.
Ekainak 20, larunbata
- 22:00. Erromeria Ansorregi eta Larrañaga trikitilariekin.
Ekainak 21, igandea
- 17:00. Harri jasotzeko San Juan Saria.
- 18:30. Erromeria Izer eta Alabierrekin.
Ekainak 24, asteazkena, San Joan eguna
- 10:30. Meza. Umeak eta loreak bedeinkatuko dituzte.
- Ondoren. Herri kirol erakustaldia. Aizkoran Larrañaga eta Txikia IV.a ibiliko dira, eta harri jasotzen, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola.
- Jarraian. Bertso saioa Peñagarikano eta Irazurekin. Tapia eta Leturia. Alaitz Roteta eta Ainara Saizar trikitilariak.
- Segidan. Bazkaria.
- 22:30. Erromeria Tapia eta Leturia eta Alaitz Roteta eta Ainara Saizarrekin.
Ekainak 25, osteguna
- 12:00. Meza ekaitzaren kontra eta auzoko hildakoen alde.