Aia

Herriarteko finalaren harira antolatutako poteoa bertan behera utzi dute, bertso irakasle baten eraso salaketak tarteko

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 28a

Hainbat lagun Foru Plazan kasua salatzeko egindako agerraldian. (Bertsozale.eus)

Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak "bertso irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna modu sistematizatuan botere harremanak garatzeko eta erasotzeko baliatu izana" salatu dute. Salaketarekin bat egin du Bertsozale Elkarteak, eta ondorioz, Herriarteko Txapelketaren finalaren baitan antolatutako poteoa bertan behera utzi dute.

Xenpelar bertso eskolako irakasle batek egindako erasoak salatu dituzte Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak. Gertaeren berri emateko argitaratu duten oharraren arabera, bertso irakasle batek "bere posizioa eta erreferentzialtasuna" baliatu ditu "modu sistematizatuan botere harremanak garatzeko eta erasotzeko". Haien hitzetan, irakasleak "behin eta berriz" errepikatu ditu erasook bertso eskoletan, Xenpelar bertso eskolarekin lotutako espazio informaletan eta bertso mundutik haratagokoetan.

Horren ondorioz, larunbatean, kasua salatzeko elkarretaratzea egingo dute Oreretako (Gipuzkoa) Foru Plazan, 12:30ean hasita. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bat egin du deialdiarekin eta salaketarekin, eta ondorioz, Gipuzkoako Bertsolarien Herriarteko Txapelketaren finalaren atarian egitekoak ziren bertso poteorik ez dute egingo. Eguerditik aurrerako ekintzak bakarrik egingo dira, hau da, bazkaria eta otorduraren osteko finala. Saioa Aiako probalekuan izango da, 18:00etan hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide