Aia

Oiartzun ere mendean hartzeko bidean da Aia

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 18a

Esku pilotak.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenetako joaneko partidak jokatu zituzten ostiralean Aiako pilotalekuan, eta aiarrek egungo txapelduna mendean hartu zuten 2-1 emaitzarekin. 

Aiarrak oso fin dabiltza eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan. Final hamaseirenetan Zizurkil kanporatu ondoren, joan den asteburuan Oiartzun izan dute aurkari final zortzirenetan. Kontrario gogorra da, azken urteetako txapelduna baita, baina aiarrek erakutsi dute indartsu daudela, joanekoan 2-1 nagusitu baitira.

Ostiral arratsaldean Aian bertan jokatu zituzten hiru partidak. Kadeteen lehia estu joan zen, baina Atorrasagastik eta Illarramendik osatutako bikoteak 22-17 irabazi zieten oiartzuarrei. Jubeniletan, bestelakoa izan zen kontua: Aizpuruk eta Iruretagoienak ezin izan zuten tantorik egin, eta 0-22 galdu zuten partida. Nagusietan, ordea, aiarrak izan ziren garaile; kolorerik ez zen egon, eta 22-8 irabazi zuten norgehiagoka Albenizek eta Orbegozok. 

Ostiral honetan 19:00etan hasita erabakiko da kanporaketa, Oiartzunen, Madalensoro pilotalekuan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide