Mendekua thriller estilora, binetetan

Aritz Mutiozabal 2026ko apirilaren 29a

Maria Gargot ilustratzailea eta Xabier Etxeberria idazlea. (Elkar)

Super Mario hil behar dut komikia egiteko Joseba Jaka beka jaso du Xabier Etxeberriak, Maria Gargotekin eta Javier Andradarekin batera.

Elkar fundazioak Xabier Etxeberria idazle zarauztarrak eta Maria Gargot ilustratzaile eta Javier Andrada kolorista katalanek proposatutako Super Mario hil behar dut komiki proiektuari eman berri dio Joseba Jaka beka. Jazarpen digitala abiapuntu duen thriller istorioa aurkeztu du hirukoak, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du urtebeteko epean ondu ahal izateko. Joan den astean jakinarazi zuten beka nork irabazi duen, eta horrekin batera, Ibilbidearen Elkar saria Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasoko duela ere iragarri zuten; sariak banatzeko ekitaldia maiatzaren 6an egingo dute, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde parkean.

Xabier Etxeberriari ezaguna zaio Joseba Jaka beka. Duela urte dezente ere eskuratu zuen laguntza hori Martin anaiarekin batera, baina aldi hartan beste formatu bat zeukan. Orduan, espresuki literatura sustatzeko laguntza zen, eta euskal futbol selekzioari buruzko Ez dadila eguzkia sartu eleberriagatik irabazi zuten. Aurten, estreinakoz eleberri grafikoen eta komikien proiektuentzako zabaldu dute deialdia, eta leiho bat zabaldu zitzaion zarauztarrari. "Martin eta biok komiki prozesu ezberdinetan gabiltza buru-belarri, baina horietako bat bakarka ari nintzen lantzen, Super Mario hil behar dut izenekoa. Marrazkilariari komentatu nion ea aurkeztuko ginen deialdira, eta halaxe egin genuen. Itxaropena beti duzu, baina, jakina, beka eman zigutela esateko deitu zigutenean sekulako poza hartu genuen".

Lehen pertsonan kontatutako istorioa da eleberri grafikoan lantzen ari direna, eta sortzaileak aurreratu duenez, Irene izeneko 16 urteko neska baten ikuspuntutik kontatuta dago. "Mario izeneko bere bikotekide ohia hiltzeko plana egiten ari da", abiapuntuaren berri eman du. Mendeku baten kronika dirudi. "Hasieran, irakurleak pentsa dezake neska ez dagoela burutik oso ongi, baina liburuaren erdialdean jakingo da zergatik hil nahi duen mutil hori", zehaztu du Etxeberriak. "Bikotea elkarrekin ateratzen hasi ondoren, mutilak neskari eskatuko dio biluzik ageri den argazki edo bideo bat bidaltzeko, eta gero sareetan zabalduko du, futbol taldeko kideekin apustu bat egin duelako".

"Ziberjazarpena" da eleberri grafikoak jorratuko duen gai nagusia. "Duela urte batzuk antzeko gertaera baten inguruko albistea irakurri nuen, eta nik antzeko adina duten alabak izanda, zer pentsatua eman zidan. Beraz, hortik sortu zen istorioa". Etxeberriak dio gaurkotasunarekin zerikusia duen gaia dela, "zoritxarrez". Zalantzarik gabe, istorioa gordina, gogorra eta tragikoa da, Joseba Jaka bekaren epaimahaikideek azpimarratu zuten bezala, baina "umorez zipriztinduta" dago. Egileak ez du zalantzarik: "Umore beltza da nagusi, irakurterrazagoa egiteko".

Itxura modernoa

Izenburuko Super Mario horrek Nintendo bideojokoetako pertsonaia ezagunari erreferentzia egiten dio. "Hitz jokoa egiten dugu hor", onartu du Etxeberriak. Zentzu horretan, teknologia berrien eta aro digitalaren iruditegia binetetan plasmatzen saiatu direla jakitera eman du, lanari itxura "modernoagoa" emateko. Maria Gargot marrazkilaria gazteagoa da, eta horrek ere ukitu moderno horretan zerikusia izan duela uste du zarauztarrak: "Institutu batean egiten du lan irakasle bezala, eta ikasleekin harremana dauka".

Gargotentzat lehendabiziko komiki liburua da esku artean dutena. Orain arte, ilustrazio lan dezente egin ditu, baina Super Mario hil behar dut lanarekin egingo du debuta esparru horretan. "Estilo oso berezia du; nolabait esateko, oso espresiboa da bere marrazteko modua", azaldu du idazle zarauztarrak: "Gaur egun, badira joera horretako komikiak, Heartstopper bezalakoak adibidez, eta niri asko gustatzen zaizkit. Uste dut kontatzen dugun istorioarekin oso ongi ezkotzen den marrazki mota dela".

Super Mario hil behar dut lanaren lagina. (utzitakoa)


Egokituta

Hasiera batean, nobela bat izateko asmoarekin idatzi zuen istorioa Etxeberriak, baina idazle zarauztarra ordezkatzen duen Ute Körner agentzia literario katalanak eleberri grafiko baterako egokiagoa zela ikusi zuen. "Orduan, nobela komiki baterako gidoira egokitu nuen, eta marrazkilaria eta kolorista agentzia berekoak direnez, haiekin harremanetan jarri ninduten. Horrela hasi ginen proiektuarekin lanean".

Eleberri grafikoa dezente aurreratuta dutela jakitera eman du Etxeberriak. Gidoia amaituta dauka, eta marrazkiak ere oso aurreratuta ditu Gargotek. Guztira, 208 orrialde izango ditu bildumak, eta erdia egina dute jada. Bekari esker, urtebeteko epea izango dute lana amaitzeko, baina sortzaile zarauztarrak lehenago bukatuko dutela aurreikusten du. "Gure asmoa da, ahal dela behintzat, udan aurkeztea Elkarri, eta gero, argitaletxeak berak ikusiko du noiz argitaratuko duen".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide