Aia

Gesalaga eta Lopetegi nagusitu dira Aian Kintopekoen eta Harri Txikien harri jasotze txapelketetan

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 13a

Atzo arratsaldean Aiako frontoian Gizonezkoen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta Emakumezkoen Kintopeko Harrijasotze Txapelketa jokatu zituzten, eta bi zarauztarrak aise gailendu ziren bi lehietan. 

Txakolin Eguna izan zen atzokoan Aian, eta eguna borobiltzeko, arratsaldean harri jasotze lehia dotorea izan zen frontoian. Ikusle asko bildu zituen Gizonezkoen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketak eta Emakumezkoen Kintopeko Harrijasotze Txapelketak, eta Maddi Gesalagak eta Mikel Lopetegi Urra-k nagusitasunez lortu zituzten txapelak. 

Gizonezkoetan, Urrak alde nabarmenarekin irabazi zien lau aurkariei: hiru minutuko txandetan, 125 kiloko kopa 33 bider altxatu zuen, 112,5 kiloko kubikoa 20 aldiz, eta 100 kiloko bola, 27 aldiz. Guztira 9.075 kilo altxatu zituen zarauztarrak. Konparaziorako, Beñat Telleriak egin zuen bigarren, eta horrek 8.037,5 kilo altxatu zituen, eta hirugarren izan zen Xuban Zumeta zarauztarrak, berriz, 5.887,5 kilo –behean sailkapen osoa–.

Emakumezkoetan ere hiru minutuko txandak egin zituzten, baina horiek bi harri motarekin aritu ziren: 50 kiloko zilindroarekin eta 50 kiloko kubikoarekin. Gesalaga ere erraz nagusitu zen, zilindroari 40 altxaldi eta kubikoari 27 emanda, guztira 3.350 kilo osatuz. Bigarren Naroa Arruti izan zen, 36 eta 20 altxaldirekin (guztira 2.800 kilo) eta hirugarren, azkenik, Maddi Salterain, 32 eta 19 altxaldirekin (guztira 2.550 kilo osatuz). 

Gizonezkoen sailkapena:

Argazkiak: Ibon Errazu

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide