Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatuta, Udaberri Sariko finalak jokatuko dituzte gaur iluntzean, 19:30etik aurrera, Hernaniko (Gipuzkoa) pilotalekuan, eta aiarrak izango dira txapelaren bila.
Lehenengo mailan lehiatuko dira, hain justu, Astigarragako (Gipuzkoa) Mundarro taldeko Alain Agirre eta Beñat Zubiarrain, Aiako Kirol Elkarteko Aimar Aranberri eta Garikoitz Zubillagaren aurka. Zubillagak Errastirekin hasi zuen txapelketa, eta horrek jokatu ditu orain arteko partida guztiak, baina finalaurrekoan ezin izan zuen parte hartu, eta gaur ere ezingo du jokatu.
Bigarren mailan, aldiz, Mutrikuko (Gipuzkoa) Danok Bat Pelotazale Elkarteko eta Hernaniko Palistak taldeko ordezkariak lehiatuko dira. Beloki-Urruzmendi bikoteak ordezkatuko du Mutrikuko taldea, eta Arizaga-Olanok, berriz, Hernanikoa.
Ez da aiarren lehenengo aldia izango txapelketa horretan, izan ere, iaz bigarren mailako finalera iritsi ziren Aranberri eta Zubillaga, eta garaikurra etxera ekartzea lortu zuten.