Aia

Iraganera Bidaia 'scape street' jokoa egingo dute Aian apirilaren 3an

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 28a

Artxiboko irudian, Aiako plaza.

Parte hartzaileek taldeka egin beharko dute jarduera, herriko pasarte historikoak eta pertsonaiak ezagutzen dituzten bitartean erronkak gaindituz eta galderak erantzunez. Herritarrei zein bisitariei zuzendutako egitasmoa da, eta izen-ematea zabalik da. 

Iazko abenduan aurkeztu zuen Aiako Udalak Iraganera Bidaia, kalean egiten den joko-esperientziala. Ekintzak herriko kaleak eta txoko bereziak bihurtzen ditu ibilbidearen eszenatoki. Parte hartzaileek taldeka egin behar dute aurrera, herriko pasarte historikoak eta pertsonaiak ezagutzen dituzten bitartean, argitu beharreko enigma eta erronkez osatutako ibilbide baten bidez.

Jokoaren ezaugarriei dagokienez, jarduera horrek "dibertsioa, kultura ondarearen transmisioa, talde lana, eta ingurunearekiko lotura sustatzen" ditu, eta ibilbidearen erronken bidez parte hartzaileek "behatzeko eta logika erabiltzeko gaitasunak" landuko dituzte eta herria modu arin eta erakargarrian deskubritzeko aukera izango dute. Herritar zein bisitariei zuzendutako egitasmoa da, familientzat, lagun taldeentzat, gazteentzat nahiz "Aia modu atsegin eta dibertigarrian ezagutu nahi duen edonorentzat".

Hori horrela izanda, jokoa apirilaren 3an, ostiralarekin, hasiko dute 11:00etan, eta erreserba egin nahi duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak, aia.scapestreet@gmail.com helbidera mezua bidal dezake, edo nahiago izatera, 943-83 53 89 telefonora deitu dezake. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide