Aiako Udalak Iraganera Bidaia proiektua aurkeztu zuen atzo. Helburua da herrigunean ibilbide ludiko eta kulturala egitea, eta aurkezpena testuinguru berezian dator, Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak azaldu zuenez: "Aurtengoa urte berezia da herriarentzat: Aiaren lehen aipamen idatziaren 1.000 urte bete dira, eta mugarri hori ospatzeko, herriko ondarea modu berritzailean eta parte hartzailean ezagutaraziko duen esperientzia sortu du udalak".
Azpirozekin batera izan ziren aurkezpenean Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Aran Aldai Iturraran parteketxeko ordezkaria. Izan ere, Arreta Pagoeta eta Experientziak enpresen kideekin elkarlanean sortu dute jokoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Iraganera Bidaia kalean egiten den joko-esperientziala dela azaldu zuten. Izan ere, "herriko kaleak eta txoko bereziak dira ibilbidearen eszenatokia". Parte hartzaileek "taldeka egingo dute aurrera, herriko pasarte historikoak eta pertsonaiak ezagutzen dituzten bitartean, argitu beharreko enigma eta erronkez osatutako ibilbide baten bidez".
Horrez gain, esan zuten herritar zein bisitariei zuzendutako egitasmoa dela, familientzat, lagun taldeentzat, gazteentzat nahiz "Aia modu atsegin eta dibertigarrian ezagutu nahi duen edonorentzat".
Beste turismo eredu bat
Jokoaren ezaugarriei dagokienez, kontatu zuten jarduera honek "dibertsioa, kultura ondarearen transmisioa, talde lana, eta ingurunearekiko lotura sustatzen" dituela, eta ibilbidearen erronken bidez parte hartzaileek "behatzeko eta logika erabiltzeko gaitasunak" landuko dituztela eta herria modu arin eta erakargarrian deskubritzeko aukera izango dutela.
Dominguezen hitzetan, joko honek Aiako herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera emango du, "bertako eraikin historikoez patxadaz gozatuz, bertako istorio, tradizio eta pertsonaiak aurkituz eta, azken finean, Gipuzkoaren funtsera gerturatuz". Hori "jasangarritasunetik, ingurunearen zaintzatik eta tokikoarekiko errespetutik" egingo dela nabarmendu zuen, eta ideia horretan sakondu nahi izan zuen: "Horixe da, hain zuzen ere, aurten onartu dugun Zatoz eta Zaindu Turismo Plan Estrategikoarekin bilatzen duguna: turismoa ulertzeko beste modu bat bultzatzea. Bisitatzen gaituenak gu ezagutzea eta nor garen, nondik gatozen eta zerk ekarri gaituen gaur egun garen lurraldea izatera ulertzea nahi dugu. Eta horretarako, turismo lasai bat behar dugu, esploratzen denbora hartuko duena, harritzen uzteko gaitasuna duena, eskaintzen ditugun esperientziez gozatu nahi duena, eta Gipuzkoara errespetutik hurbiltzen dena, bertan bizi garenen eta turismoa posible egiten dugun pertsona guztien zaintzan inplikatuko dena".
Aurreneko saioa bihar
Jokoa bihar, abenduak 7, igandea, estreinatuko dute, 11:30ean, eta erreserba egin nahi duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak, aia.scapestreet@gmail.com helbidera mezua bidal dezake, edo nahiago izatera, 943-83 53 89 telefonora deitu dezake.
Udalaren asmoa da urte osoan zehar eskaintzea kaleko joko berri hau.