Izeta VI.a: "Hazi egiten naiz kirol probak jendaurrean egitean"

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 26a

Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.'a, aste honetan Lege Zaharren Enparantzan. (Julene Sorarrain)

Marka saiakera egingo du Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (Aia, 1993), apirilaren 11n. Horretarako, 100 kiloko harri esferikoa 50 aldiz altxatu beharko du, baita hamar kanaerdiko moztu eta bost kilometro korrika egin ere.

Iazko abenduan jakinarazi zuen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak aurkari bila zebilela, historian inoiz ezarri ez den marka saiakera egiteko. Aiarrak, hain justu, honako proposamen hau egin zien aurkariei: 100 kiloko harri esferikoa 50 aldiz altxatzea, hamar kanaerdiko moztea eta bost kilometro korrika egitea. Kirolariak, ordea, ez zuen aurkaririk lortu proba horretarako, eta egoera horren aurrean, marka saiakera egiteko desafioa ezarri zion bere buruari.

Marka berria ezarri nahi duzu apirilean, Lege Zaharren Enparantzan. Zergatik Zarautzen?

Era honetako probak ia beti zezen plazetan jokatzen dituzte, eta nik Zarautzen egitea nahi nuen. Izan ere, erronka beste herriren batean gauzatzeak gastua eragiten du, eremua alokatu eta sarrerak kobratu behar dituzulako. Nik ekitaldia doakoa izatea nahi nuen, herritar guztiek goza dezaten.

Egun horretan, ordea, ez zara bakarrik izango plazan.

Ni korrika ari naizen bitartean, Lierni Osak ere marka saiakera egingo du. Hain justu, 63 kiloko bolarekin hamar minutuko txanda egiten saiatuko da zarauztarra. Gainera, nire proba hasi baino lehen Ainitze Zumetak eta Xuban Zumeta Xumeta-k harri jasotze erakustaldia egingo dute, 17:30ean. Ni, aldiz, 17:45ean hasiko naiz probarekin. Behin herri kirol saioa amaitzean, erromeria izango da plazan, 21:00ak arte. Eta bertaratzen direnentzako pintxoak ere egongo dira. Azken finean, jaialdi bat nahi nuen antolatu, herri kirolen kontzeptua eraldatuz.

Apirilaren 11 gerturatzen ari da. Asko entrenatzen ari al zara egunotan?

Bai. Gimnasioan lau entrenamendu egiten ditut astean, besteak beste, hankak, gorputzaren goialdea, indarra eta ariketa aerobikoak lantzeko. Astearteetan, esaterako, aizkoran eta harriarekin aritzen naiz, eta astean behin, hiru entrenamenduak uztartzen ditut. Dena den, dagoeneko amaitu ditut lansaio gogorrenak, eta orain pare bat aste ditut lasaiago aritzeko. Entrenamenduen zikloak hiru eta lau hilabete ingurukoak izaten dira.

Inoiz hartzen al dituzu oporrak kirol hitzordu garrantzitsuen ostean?

Egia esan, ez zait asko gustatzen hori egitea. Pertsona oso aktiboa naiz, eta horrelako fase bat amaitzean gorputzak atsedena eskatzen duen arren, entrenatzen jarraitzen dut. Batzuetan, crossfit ere egiten dut beste kirolari batzuekin. Izan ere, nire diziplinaren alde gogor bat da bakarrik entrenatzen dudala urte osoan zehar.

Marka ezarriz gero, nonbaiten erregistratzen al dute beste kirolariek erreferentzia gisa izateko?

Marka bat erregistratzeko, lehenik eta behin Euskal Herriko Federazioarekin jarri behar zara harremanetan, eta horiek marka gordetzeko, derrigorrezkoa da dopin kontrola pasatzea. Gainera, proba Gipuzkoako Federazioarekin egiten baduzu, horiek marka pertsonal gisa erregistratzen dute, eta Euskal Herriko Federazioak, aldiz, errekor gisa. Behin zure marka gordeta, egunen batean beste kirolari batek lan berdina egin nahiko balu, datuak hor izango ditu erreferentzia bezala. Nik egin nahi dudan marka saiakera ez da inoiz erregistratu. Dena den, liburuak arakatzen aritu naiz, eta gaur egun gordeta ditugun datuei erreparatuz, antzeko hiruzpalau lan aurkitu ditut; besteak beste, Alex Txikonek eta Mikel Larrañagak 100 kiloko zilindroarekin 25 jasoaldi egin zituzten, edota Joxe Mari Olasagastik eta Nemesio Arregik, 125 kiloko kubikoarekin 25 jasoaldi. Harri esferikoarekin egindako lanen erregistrorik, ordea, ez dut topatu.

Zein izan da zure lorpenik esanguratsuena?

Nik uste dut lau pentatloi irabazi izana. Olasagastik eta Zalduak hiru zituzten erregistratuta, eta orain dela bi urte lortu nuen nik laugarren txapela. Hortaz, historian ni naiz lau garaipen lortu dituen bakarra. Urte berriari begira, bosgarrenaren bila joango naiz. Hori izango da nire helburu garrantzitsuena aurten.

Lege Zaharren Enparantzan egingo duzu marka saiakera. Urduri jartzen al zara jendaurrean?

Egia esan, hazi egiten naiz probak jendaurrean egitean. Hori zen, hain justu, marka saiakera Zarautzen egiteko arrazoietako bat. Azpeitian, esaterako, sarrera ordaindu behar da herri kirolak ikusteko, eta jendeari kostatu egiten zaio animatzea. Ekitaldia Zarautzen eta plaza publikoan egiteak berotasun handiagoa sortuko du. Bertako jendea gerturatzea nahi dut, eta oporraldia izanik, uste dut atzerritarrak ere erakarriko dituela hitzorduak.

Herritarrek ziur aski plaza beteko dute, baina atzerrian jarraitzen al dituzte herri kirolak?

Lehen gehiago joaten ziren euskal herritarrak atzerrira erakustaldiak egitera. Nire osabak, esaterako, Japoniara, Txinara edota Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatu zuen. Gu saiatzen gara sare sozialetan bideoak partekatzen, eta, egia esan, baten batek milioi erdi ikustaldi jaso izan ditu. Hala ere, jendea gehien erakartzen duena aizkora dela esango nuke. Iker Vicente, adibidez, oraintxe joan da Australiara, aizkorako Munduko Txapelketan lehiatzera, eta faboritoetako bat da.

Herri kirolak praktikatu dituen familia ezagun batetik zatoz. Ba al da belaunaldiz belaunaldi transmititu den erritualik?

Zorte handiz, harri jasotze teknikaren maisu handi bat dut etxean. Ezingo nuke esan zenbat txapelketa irabazi dituen. Dena den, probaren hasieran bakoitzak bere errituala du. Niri, adibidez, musika entzutea gustatzen zait, eta nire senideek, aldiz, ez dute inoiz entzun. Hori ez ezik, oso gutxi berotzen naiz erakustaldien hasieran; haiek, aldiz, asko. Bakoitzak bere bidea egiten du proba hasi baino lehen.

Marka saiakera Zarautzen, apirilaren 11n

Lehen mailako kirol erronka ikusteko aukera izango da apirilaren 11n, larunbatarekin, Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan. Hain zuzen ere, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak marka saiakera egingo du egun horretan herritarren aurrean. Horretarako, aiarrak 100 kiloko harri esferikoa 50 aldiz altxatu beharko du, baita hamar kanaerdiko moztu eta bost kilometro korrika egin ere, 100 metroko zintan.

Kirol ekitaldia 17:30ean hasiko da, Ainitze Zumeta eta Xuban Zumeta Xumeta harri jasotzaileen erakustaldiarekin, hain justu. Ordu laurden geroago, Izeta VI.ak hartuko du lekukoa, erronkari ekiteko. Aiarra, ordea, ez da bakarrik izango plazan. Izan ere, Lierni Osak ere marka saiakera egiteko aprobetxatuko du hitzordua. Zarauztarrak, hain zuzen, 63 kiloko harri esferikoa hamar minutuko txandan gelditu gabe altxatu beharko du helburua betetzeko.

Herri kirol ikuskizunaz ez ezik, gerturatzen direnek Izer eta Alabierren erromeriaz eta parrillan egindako pintxoez gozatzeko aukera ere izango dute, 21:00ak arte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide