Aia

Andatzatik Aiarako Igoerak parte hartze "ikusgarria" izango du

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 19a

Antolatzaileak eta laguntzaileak, atzo iluntzean emandako prentsaurrekoan, aurtengo kartelak eskuetan. (Utzitakoa)

Bosteko Eskuderiak antolatuta, larunbat arratsaldean jokatuko dute Aiako automobilismo igoera, Euskadiko eta Gipuzkoako Mendi Igoerako lehen proba puntuagarria.

Larunbat honetan jokatuko dute Andatzatik Aiarako XIX. Igoera, Bosteko Eskuderiak Andatzako Auzo Elkartearekin urtero antolatzen duen hitzordu klasikoa. Euskal Herriko eta Gipuzkoako lehen proba puntuagarria izango da, eta bertan pilotuek lau aldiz egin beharko dute ia lau kilometroko ibilbidea. 14:30ean emango diote hasiera entrenamendu txandari, eta, ondoren, gainerako hiru txandak izango dituzte. Probako markarik onena Joseba Iraolak du gaur egun; 1:39;28ko denboran amaitu zuen ibilbidea 2022. urtean, 137 kilometro orduko batez besteko abiaduran, hain zuzen ere.

Hala, 14:30ean emango diote hasiera probari. Lehenik, ordea, ikuskapen teknikoak egingo dituzte, eta ibilgailu guztiek dagozkien segurtasun arauak betetzen dituztela egiaztatuko dute komisarioek. Hain justu, 09:00etik 12:30era bitartean, herritarrek txapelketan parte hartuko duten autoak aurrez aurre ikusteko aukera izango dute Gozategi plazan.

Jarraian, 13:30ean, errepidea moztuko dute, eta ordu bete geroago emango diote hasiera probari, entrenamendu saioarekin. Ondoren, gainerako hiru txandak egingo dituzte. Gainera, errepide mozketak eragina izango du Lurraldebusen autobus zerbitzuan. UK08 lineak ez du ohiko ibilbidea egingo: Aia eta Orio arteko errepidea erabili beharrean, Pagoetatik barrena jaitsiko da Oriora autobusa. Horrez gain, probak irauten duen bitartean, Aiako geralekua Armendigaineko biribilgunera lekualdatuko dutela jakinarazi dute Lurraldebus zerbitzuaren arduradunek.

Iraola, probarako faboritoa

Guztira, 56 auto gidari lehiatuko dira, eta iaz bezala, aurten ere Aitor Manso lasartearra parte hartzaileen artean izango da, baina oraingoan Talex M3 batekin lehiatuko da. Joseba Iraola bizkaitarra da faborito nagusia, eta hau Nova NP01 batekin izango da ibilbidean; Europako denboraldi hasierari begira, motorrak berotzera etorriko da eskualdera.

Arkaitz Ordoki nafarra Iraolaren antzeko ibilgailu batekin lehiatuko da, baina “ez hain indartsua” den motor batekin. Josu Beitia beteranoa ere, Speed Car GT-R EVO batekin, podiumean postu bat lortzen saiatuko dela kontatu dute antolatzaileek.

Aurten, autoen arteko borroka "irekiagoa" izango dela aurreratu du antolakuntzako kideek. Aitor Zabaleta iazko Euskadiko Mendi Txapelduna bere BMW M3 E46 autoarekin lehiatuko da, eta aurkari “gogorrak” izango ditu larunbatean. Hasiera batean, Bruno Scherer da faboritoa bere Porsche GT3 “ikusgarriarekin”, baina beste gidariek ez diote erraz jarriko. Izan ere, Ruben Artia BMW E46 Compressor “indartsuarekin” lehiatuko da, eta Joseph Duperou, aldiz, BMW M3 GT-R batekin.

Jose Antonio Romero Almeriatik (Espainia) etorriko da, BRC 110T "ikusgarriarekin", bere mendiko denboraldia prestatzeko asmoz. Marius Petrek, bestetik, Mitsubishi EVO VIII-arekin parte hartuko du, eta Lorenzo Mendietak, berriz, Porsche Cayman GT4 berria estreinatuko du pistan.

"Zalantzarik gabe, automobilismoko asteburu handi bat dugu zain Aiako arrapaletan. Hori horrela izanda, antolakuntzak publikoaren laguntza eskatzen du, leku seguruetan kokatu daitezen, eta inoiz ez zinta gorriarekin markatutako eremuetan", aditzera eman dute Andatzatik Aiarako Igoerako antolatzaileek. Halaber, probako denborak zuzenean jarraitu ahalko dira fotomotor.es atari digitalaren bitartez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide