Aia

Lilatoia aitzakia, emakume korrikalari taldea sortu dute Aian

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 2a

Aiako emakume korrikalari taldea, atzo Donostian izandako 36. Lilatoian. (utzitakoa)

Hogei emakumek osatzen dute korrikalari taldea gaur-gaurkoz, eta gainerako aiarrei, nahi izanez gero, entrenamenduetara batzeko gonbidapena egin diete. Lilatoia amaituta, taldeak erronka berriak ezarri ditu; tartean martxoaren 15ean Donostian izango den Udaberriko Lasterketan parte hartzea.

36. Lilatoiak hartu zituen atzo Donostiako kaleak. Peto moreak soinean, ehunka emakumek parte hartu zuten urteroko kirol hitzorduan; tartean, Aiako emakume korrikalari taldeak. 

Hain justu, iazko abenduan zabaldu zuten sare sozialen bitartez lasterketarako taldea sortzeko mezua. Urtarrilaren 16an, bilera bat egin zuten Kultur Etxean, entrenamenduen ordutegiak zehazteko, eta deiak harrera ona izan zuen; izan ere, "espero baino emakume gehiago gerturatu ziren". Atzo, hain justu, taldeko hamasei emakumek egin zuten Donostiako lasterketa.

Bileran adostu bezala, astearte eta ostegun arratsaldetan aritu dira entrenatzen, baita igande goizetan ere. "Gero, elkarrekin gosaltzea tradizioa bihurtu dugu", kontatu dute taldekideek. Aiako Udalari gela bat eskatu zioten, bertan luzaketak eta indar ariketak egiteko. Entrenamenduetara herritar gehiago batzen joan direla ere esan dute, eta gaur egun hogei emakumek osatzen dute taldea. "Denetarik dago taldean, inoiz kirola egin ez duten emakumeak ere bai. Eta espero dugu gehiago animatzea!". 

Lilatoiaren helburua beteta, entrenatzen jarraitzeko asmoa dutela aipatu dute taldekideek, eta horretarako, erronka berriak zehaztu dituzte: martxoaren 15ean Donostian izango den Udaberriko Lasterketan parte hartu nahi dute, baita maiatzean egingo den Minbiziaren Aurkako Lasterketan edota ekaineko Binter NightRun gaueko lasterketan ere. "Helburua emakumeek gurea eta guretzat den espazioa sortzea izan da, eta giro ezin hobean kirola egitea, noski". Hori horrela, Aiako emakumeei entrenamenduetara batzeko gonbidapena egin diete.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide