Aia

Jokin Tolosa eta Irati Larrañaga garaile Aiako mendi lasterketa berrituan

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 1a

Aurreneko aldiz proba luzea eta motza izan ditu lasterketak, eta guztira 377 korrikalarik parte hartu dute. Proba motza Irune Lertxundi oriotarrak eta Eneko Mariño donostiarrak irabazi dute. 

Igande goizean jokatu dute Aiako XV. Mendi Lasterketa ia 400 korrikalarik, eta aurreneko aldiz, proba luzea eta proba motza egiteko aukera izan dute, orain arteko 14 kilometroko ibilbidearen ordez 8 kilometroko bat eta 17,7 kilometroko beste bat jarri dituztelako aukeran. Hori bai, ohi bezala, herriko plazatik abiatu dira Pagoetarantz, berriro plazan helmugaratzeko, ibilbide ezin malkartsuagoa egin ondoren. Proba nagusian, luzean, gizonezkoetan Jokin Tolosa anoetarra izan da bizkorrena, 01:29:18 denborarekin, eta emakumezkoetan, berriz, Irati Larrañaga usurbildarra, 01:51:08 denbora eginda. Biak aise nagusitu dira, podiuma osatu duten korrikalariei tarte erosoa aterata helmugan.

Proba motzean oriotar bat gailendu da emakumezkoetan, Irune Lertxundi, 50:19 denbora eginda; gizonezkoetan, Eneko Mariño donostiarra, 41:03 denborarekin. Lau irabazleak gustura agertu dira ibilbide berrituarekin, eta gaurkoan eguraldiak ere lagundu duenez, ikusle ugari bildu da bai plazan, bai ibilbideko beste puntu batzuetan ere.

Proba luzean, emakumezkoetan podiuma osatu dute Leire Elola tolosarrak (01:51:23) eta June Agirrezabalaga zarauztarrak (01:53:43), eta gizonezkoetan bailarakoak izan dira nagusi, Mikel Usandizaga aiarra (01:29:55) eta Unai Martinez azpeitiarra (01:30:31) izan baitira bigarren eta hirugarren. Proba motzean, berriz, gizonezkoetan Harkaitz Irazusta donostiarra (00:42:23) helmugaratu da bigarren tokian, eta Mattin Intxaurrondo berastegiarra (00:42:28), hirugarren. Sailkapen guztiak ikusgai daude kirolprobak.com atarian

Antolatzaileak, gustura

400 lagunek zuten izena emanda gaur Aiako XV. Mendi Lasterketan parte hartzeko, eta 377 atera dira korrika saioa egitera, iaz baino gehiago, orduan 260 lagunek osatu baitzuten ibilbidea. Parte hartzaile kopurua igota, gustura dira Aiako Kirol Elkarteko kideak, proba motza eta luzea sortzearen helburuetako bat horixe baitzen: ahalik eta jende gehienari aukera ematea korrika aritzeko herriko mendi lasterketan. "Beti daude probak gogorrak gustuko dituztenak, eta beste batzuk, bigunagoak behar dituztenak. Gogorra bakarrik jarrita, batzuk ez ziren etortzen, eta aldaketa honekin, aukera izan dute nork bere gustukoa egiteko". 

Aurtengoa "proba" izan dela azaldu dute. Momentuz, ikusi dute askoz korrikalari gehiago animatu dela proba luzean parte hartzera. Hori bai, aurten aurreneko aldiz, kontrola jarri dute proba luzeko zortzigarren kilometroan: ordubete eta hogei minutu baino gehiago behar izan duenari ez diote jarraitzen utzi. 

Antolatzaileek boluntarioei eskerrak eman nahi izan dizkiete proba antolatzen laguntzeagatik, baita Txukun lorezaintza enpresari ere, "ematen duen laguntza guztiagatik". 

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide