Probalekua ere hartu du kickboxingak

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 1a

Atzo arratsaldean kickboxing eta K-1 jaialdia ospatu zuten Aiako probalekuan, eta 28 kirolari igo ziren ringera 650 ikusleren aurrean borrokatzeko. Kuraia Zarautz klubeko arduradunek balorazio oso positiboa egin dute.

650 ikusleren aurrean jokatu zuten atzo arratsaldean Aiako probalekuan kickboxing eta K-1 jaialdia, eta ringera igo ziren 28 kirolariek erakutsitakoarekin gustura da Kuraia Zarautz kluba, baita kirol hori herritarrei erakutsi ahal izan dietelako ere, Asier Garaiar arduradunak atzo bertan hedabide honi kontatu zionez: "Super pozik gaude, dena kristoren ondo atera da eta herritarrak, batez ere aiarrak, harrituta ikusi ditugu, erakutsi dugulako nolako errespetua eta zer giro on dagoen kirol honetan eta zenbat entrenatzen den horrelako borroka batean parte hartu ahal izateko". Garaiarrek uste du kirol horrek "fama txarra" duela gizartearen zati batean, baina berak azpimarratu du "kirolari apartak" direla kickboxingen aritzen diren guztiak. 

Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Huescako (Espainia) kirolariek parte hartu zuten jaialdian, baita Garaiarrek gidatzen duen klubeko sei lagunek ere: Kerman Irureta, Markel Agiriano eta Imanol Badiola zarauztarrek, Iokin Elizalde oriotarrak, eta Manex Arreitunandia eta Aratz Garmendia zestoarrek, hain zuzen. Horietako batzuei pankartak ere egin zizkieten lagunek, eta animo oihurik ez zuten falta izan borrokatu zutenean. 

Minutu bateko isilunea

Borrokaldiak 17:30ean ziren hastekoak, baina orduerdiko atzerapenarekin ekin zioten aurkezpenei, eta behin borrokalari guztiak jendaurrean aurkeztuta, minutu bateko isilunea egin zuten Kuraiako Haimar ikasle ohi eta laguntzaileagatik, aurreko astean bat-batean zendu baitzen, 35 urterekin. "Aiako jaialdian laguntzekoa zen, eta omenaldi txiki hori egin nahi izan diogu", nabarmendu zuen Garaiarrek. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide