Kuraia Zarautz kirol klubak antolatuta, Kickboxing eta K1eko jaialdia egingo dute asteburu honetan, Aiako Probalekuan. Guztira 28 borrokalarik hartuko dute parte norgehiagokan, tartean Urola Kosta eskualdeko sei kirolarik. Besteak beste, Kerman Irureta, Markel Agiriano eta Imanol Badiola zarauztarrak, Iokin Elizalde oriotarra, eta Manex Arreitunandia eta Aratz Garmendia zestoarrak ikusteko aukera izango da. Zarauzko klubeko entrenatzaile eta antolatzailea, aldiz, Asier Garayar aiarra da.
Guztira 15 borrokaldi izango dira ring gainean, eta horietan Bizkaia, Nafarroa edota Huescako (Espainia) ordezkari profesional eta neoprofesionalek parte hartuko dute, "maila handiko" ekitaldi honetan, hain justu.
Hori horrela izanda, arratsaldeko 17:30ean hasiko dira lehen borrokak, eta bertaratzeko asmoa dutenek, sarrerak eskuratu ditzakete Kultur Etxean, 15 euroan. Hala ere, egunean bertan erosteko aukera izango da, 20 euroren truke.