Aia

Bertan behera gelditu dira Aiako Udaberri Saria kintopeko idi probak

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 20a

Idi batzuk deman Aiako probalekuan. (Ibon Errazu)

Martxoaren 6tik 9ra egitea aurreikusten zuen Aiako Udalak, baina dermatosi nodularrak eragindako egoeraren aurrean, probarik ez antolatzea erabaki du. Maiatzeko Idi Eguna ere "airean" dela azaldu dio hedabide honi. 

Aiako probalekuak idi dema saio asko hartu ohi ditu urtean zehar, baina azken hilabeteetako hitzorduak bertan behera utzi beharrean izaten ari dira, iazko urrian Frantzian hainbat animalitan agertutako dermatosi nodular gaitza dela eta.

Gaitza handik Gironara (Katalunia) hedatu zen, eta Euskal Herrian kasurik hauteman ez badute ere, zabaltzea saihesteko kontrol eta babes neurriak hartzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, ganadu azokak eta lehiaketak debekatuz aste batzuetarako, beste hainbat neurriren artean. Azaroan debekua kendu zuen arren, abenduaren bukaera berriro debekatu zituen, otsailaren 26ra arte. 

Aian azaro hasieran egitekoak ziren idi probak bertan behera gelditu ziren, eta gauza bera gertatuko da Udaberri Saria kintopeko idi probekin ere. Martxoaren 6tik 9ra egitea aurreikusten zuen Aiako Udalak, baina erabaki du hitzorduarekin aurrera ez jarraitzea, debekua otsailaren 26an amaituko balitz ere, egun gutxi dagoelako dena behar bezala antolatzeko. Izan ere, neurri zorrotzak hartu behar dira halako ekitaldi bat aurrera eraman ahal izateko. 

Aiako Udalak hedabide honi aurreratu dionez, maiatzean egin ohi den Idi Eguna ere "airean" dago une honetan. 

Erlazionatuak

Gaitzekin bizitzeko erronka

Aitziber Arzallus ots 02 Aia Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide