Eskaintza zabalarekin dator Probalekuko kultur egitaraua

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 21a

Artxiboko irudian, Neomak taldea.

Urtarrilean hasi eta abendura arte, herritarrek kontzertu nahiz antzezlanez gozatzeko aukera izango dute, besteak beste, Esanezinen, Aukeran dantza konpainiaren, Julen Alonsoren edota Neomak taldearen eskutik. Gainera, iaz bezala aurten ere, Aiako Trikiti Jaialdia ospatuko dute urte amaieran. 

Aiako Probalekuko zazpigarren edizioa eskaintza zabalarekin dator. Hain zuzen ere, urtarrilean hasi eta abendura arte, herritarrek musika emanaldiez nahiz antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute, besteak beste, Esanezin, Aukeran dantza konpainia, Julen Alonso edota Neomak taldearen eskutik. Gainera, iaz bezala aurten ere, III. Trikiti Jaialdia ospatuko dute urte amaieran. 

Hala, larunbat honetan eskainiko dute Probalekuko kultur egitarauko lehen emanaldia. Hain justu, Esanezin igoko da oholtza gainera, Hormetan idazten diskoa aurkeztera. Otsailean, aldiz, hilaren 21ean, Ruper Ordorika bertaratuko da Aiara, iazko urte amaieran plazaratu zuen Lurra ikutu barik diskoko abestiak kantatzera. Emanaldi hau ere 22:00etan hasiko da.

Bi kontzertuetarako sarrerak jada jarri dituzte dituzte salgai, Internet bidez, hemen. Aurrez aurre, urtarrilaren 7tik aurrera erosi ahal izango dira Aiako kultur etxean (943-13 09 24). Emanaldi bakoitzerako sarrerek 12 euroko prezioa izango dute (15 euro egunean bertan erosita), baina bi kontzertuetara joateko bonoa ere jarriko dute salgai, 20 euroan.  

Maiatzaren 9an, berriz, dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Hain zuzen, Aukeran dantza konpainiak Amama ikuskizuna taularatuko du. Euskal dantzetan oinarritutako koreografien bidez, zazpi ipuin kontatuko dituzte, zazpi euskal lurraldeetako herri banatan kokaturik gai eta pertsonaia ezberdinekin. Ipuinen irakurketarekin batera, dantza izango da ipuinen irudikapen koreografikoaren protagonista.

Uztailaren 17an, Julen Alonso musikariaren txanda izango da. Abeslaria dagoeneko ezaguna da Aian, izan ere, hirugarren aldiz bisitatuko du Probalekua aurten. Oraingo honetan, Haria ikuskizuna estreinatuko du bertan, Oinkari dantza taldearekin batera. Alonsoren kantuak askotan dantzagarriak izan arren, sortzen dituen hitzak badute sakontasun bat. Hala, bost musikariz inguratuta egongo da oholtzan: perkusioan Iker Telleria, baxuan Amaiur Cajaraville, gitarran Gorka Urra, panderoa eta ahotsean Uxue Kerejeta, eta teklatuan Beñat Armentia. 

Udako etenaldiaren ostean, antzezlan batekin itzuliko da Probalekuko kultur eskaintza. Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak Trajea antzezlana taularatuko dute urriaren 3an. Hiriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehen eguna da. Jendea tropelean sartu da eta istripu bat izan da. Eraikinaren erraietan, segurtasun zaintzaile batek negozio gizon bat galdekatu du, jantzi bat erostera etorri delako eta gertakariekin zerikusia izan duelako. Baina zein dira egitateak zehazki? Eta zer arrisku dakarkie bi pertsona horiei?

 Azaroan musika izango da berriro protagonista. Lazturak orbain Neomak taldearen bigarren diskoa da eta azaroaren 28an aurkeztuko dute Probalekuko oholtzan. Diskoa aldaketa prozesuen aurrean barne bidaia bat da. Kantu bakoitza barne zein kanpo beldurrei begiratzeko toki desberdin bat izango da, eta horrek irudikatuko du etengabeko aldaketa.

Eta aurtengo eskaintzarekin amaitzeko, bueltan izango da beste urte batez Aiako Trikiti Jaialdia. Abenduaren 19an ospatuko dute festa, eta trikitizaleen bilgune bihurtuko da hirugarren urtez jarraian Probalekua. Trikiti eta panderoaren soinua ardatz hartuz, belaunaldi ezberdinetako trikitilariak izango dira oholtza gainean, estilo eta konbinazio ezberdinetako bikote eta taldeak, zehazki. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide