Aian ere korrika eman diote amaiera urteari

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 31

Haurrek zein helduek egin dute korrika urtea kirola eginez amaitzeko. Urtero legez, arratsaldez egin dute San Silbestre lasterketa Aian, eta jendetza gerturatu da plazaren bueltan korrikalariak animatzera.

Arratsaldez korritu dute San Silbestre lasterketa Aian, urtero legez. Lasterketa hasi baino zertxobait lehenago eman dute izena plazan bertan lasterka egitera animatu direnek, eta 17:00ak aldera eman diete hasiera lehen korrika saioei.

Haurrak izan dira korrika egiten lehenak, eta adinaren arabera banatutako txandetan osatu dute ibilbidea. Adinean aurrera egin ahala, ibilbide luzexeagoa osatu dute korrikalariek. Helduen txanda heldu da gero: horiek ere plazan bertan hasi eta amaitu dute korrika saioa, herriari hiru itzuli eman ondoren. Helmugara iritsi ondoren, mandarinak edo, nahiago izatekotan, gozokiak izan dituzte sari gisa, eta parte hartzaile guztien artean, hainbat zozketa ere egin dituzte. Sailkapenik, ordea, ez da izan gaurkoan: guztiak izan dira irabazle.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide