Aia

Aiako 2026ko udal egutegi berria aurkeztu dute

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 22a

Aiako XIX. Argazki Lehiaketako irabazleak. (Jon Ander Azpiroz)

Aiako Argazki Lehiaketako irabazleen lanek osatu dute egutegia, eta ohi bezala, etxez etxe banatuko dute. 

Aiako Udalak aurreko astean aurkeztu zuen 2026ko egutegi berria Kultur Etxean egindako ekitaldian. Bertan izan ziren Jon Ander Azpiroz alkatea eta Aiako XIX. Argazki Lehiaketako irabazleak. Ohi bezala, egutegia etxez etxe banatuko dute.

Ekitaldian, bi multzotan banatu zuten sari banaketa: lehenik Aian erroldatu gabekoei eman zizkieten sariak, eta ondoren, erroldatutakoei. Hori horrela, hirugarren saria Luis Lizarralde oriotarrak jaso zuen; bigarren saria, Luis Epelde zarauztarrak; eta lehenengoa, berriz, Manex Etxeberria andoaindarrarentzat izan da. Aian erroldatuta daudenekin jarraituz, bigarren saria Garbiñe Manterolari eman zioten, eta lehena, Maialen Manterolak eskuratu zuen. Ohiko moduan, argazki lehiaketako irabazleen lanek osatu dute egutegia, eta hilabete bakoitza egile baten argazkiak irudikatzen du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide