Aia

Aiako Udalak lau milioi euroko udal aurrekontua izango du 2026an, laurdena pasa inbertsioetarako

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 9a

Urdaneta auzoa, airetik ikusita. (Aiako Udala)

Joan den ostegunean egin zuten udalbatzarra, eta aho batez onartu zituzten aurrekontuak. Proiektu nagusienak Urdaneta auzoa berrurbanizatzea, auzoetan hobekuntzak egitea, landa lurren digitalizazioarekin jarraitzea eta eraikin publikoak egokitzea eta sendotzea dira.

Aiako Udalak onartu ditu 2026rako udal aurrekontuak. Joan den ostegunean egin zuten udalbatzarra, eta aho batez onartu zituzten aurrekontuak EAJko, EH Bilduko eta Aiako Batzarre Burujabea alderdietako 11 zinegotziek. Hala, Aiak lau milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean; zehazki, 4.068.126 euro.

EAJren udal gobernuak azpimarratu du "udalerrian inoiz onartu den zenbatekorik handiena" dela, eta "ibilbide-orri zehatza eta sendoa finkatzen" duela hurrengo urteetako erronkei aurre egiteko. "Egonkortasuna eta herriarentzat beharrezkoak diren inbertsioak bermatzen dira", esan dute. Aurrekontuaren laurdena, 1,4 milioi euro, inbertsioetara bideratuko dutela ere nabarmendu dute.

Inbertsio garrantzitsuenen artean dago Urdaneta auzoko berrurbanizazioa. Lehen fasea egiteko 900.000 euroko partida jaso du udalak. "Auzoa egokitzeko, hobetzeko eta ingurunea berritzeko proiektu estrategikoa da, eta urdanetarrek eskatutakoa eta erabakitakoa da", esan du udal gobernuak.  "Aurten erabaki dute aurreproiektu ezberdinen artean zein nahi duten, eta orain, aukera hori aurrera eramateko proiektua idatzi eta gauzatzen hastea tokatzen da".

Gainontzeko auzoen beharrei erantzuteko, berriz, 230.000 euroko partida aurreikusi dute. Konponketak, mantenu lanak, berrikuntzak eta oinarrizko zerbitzuak hobetzeko jarduerak izango dira.

Eraikin publikoentzako ere antzerako kopurua egongo da, 228.000 eurokoa, hain zuzen: instalazioen mantentzea, berritzea eta energia eraginkortasunean sakontzea da helburua, eta horregatik, "herritarrei zerbitzu egokiagoa emateko hainbat lan egingo dira".

Baserri bideak konpontzeko 80.000 euro aurreikusi dituzte –"2025ean 240.000 eurotik gora inbertitu diren arren"–, eta landa lurren digitalizazioarekin jarraitzeko, bosgarren fasearekin, 25.000 euro gorde dituzte. "Azken fasea da, eta hala, udalerri osoko lursailak geldituko dira digitalizatuta".

EH Bilduren baiezkoa

Oposizioko alderdi nagusiak, EH Bilduk, baiezko botoa eman zien aurrekontuei, eta beren erabakia arrazoitu nahi izan dute. "Iazko aurrekontuetan ere baiezkoa eman genuen, egin genituen proposamen estrategikoak bertan jasota geratzeko baldintzarekin, besteak beste euskara eta kultura plan bat, gazteria plan bat eta etxebizitza plan bat martxan jartzeko partidak irekitzea. Urtean zehar irekitako partida horiei forma ematea izan da helburua eta erronka, eta udaletxean gauden alderdi guztion partaidetzarekin, mahai desberdinak ere martxan jarri ditugu, bertan lanketa espezifikoak garatu ahal izateko".

"EH Bilduren ekimenez abiatutako lan molde berria" bere emaitzak ematen hasia dela uste du koalizioak, etxebizitza eta euskara arloetan "pausoak ematen" ari direlako. 2026ko aurrekontuetan ere EH Bilduren proposamenak txertatuta ikusi dituzte, "gutxi-gehiago".

EAJk "borondatea" agertu duela esan dute koalizioak sumatu dituen "zenbait gabezia eta desenkontru eztabaidatzeko", eta herrian gauzatu beharreko beste proiektuetan bat egiten dute aurrekontuetan jasota geratu direnekin. "Egiteko moduak desberdintzen gaituela sinesten genuen orain arte, udalak funtzionatzeko beste modu bat behar zuela eta oposiziotik lan egiteko era horiek txertatzen ahalegindu gara agintaldi honetan: iruditzen zaigu, zentzu horretan, aurrerapausoak ematen ari garela, diferentziak diferentzia. Horrexegatik, oposizioan egonda ere elkarlanean aritzeko bideak irekita daudela ikusi dugunez, gure konfiantza botoa eman diegu aurrekontu berriei".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide