Aiako etxe bateko etxola batean lapurreta egin zuten atzo iluntzean, eta Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen ustezko egileak direlakoan. Bi gizon eta emakume bat dira atxilotuak, eta Ertzaintzak azaldu duenez, "indarra erabiliz" egin zuten lapurreta.
Ertzaintzak kontatu du ustezko egileek etxolako atearen giltzarrapoa hautsi zutela barrura sartzeko, eta egitekoak amaitzean, furgoneta batean ihes egin zutela. Ibilgailuaren matrikula inguruko ertzain etxeetara zabaldu zuten orduan, eta haren bila hasi ziren.
Denbora baten ostean, Hernaniko (Gipuzkoa) ertzain etxeko patruila batek ibilgailuaren deskribapenarekin bat zetorren furgoneta ikusi zuen, eta geldiarazi egin zuen. 60 urteko emakume bat eta 41 eta 20 urteko bi gizon zihoazen bertan, eta Aiako etxolatik lapurtutako materiala zeramaten autoaren barruan.
Hernaniko ertzain etxera eraman zituzten orduan, beharrezko eginbideak betetzera, eta aske utzi dituzte gaur, agintaritza judizialak noiz deituko zain. Ertzaintzaren hitzetan, atxilotuek "polizia-aurrekari ugari" dituzte.