Herritarren artean hautsak harrotu zituen azaroaren 17an indarrean sartu zen garraio zerbitzuaren ordutegi berria. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Aiako Udalak indartu egin zuten Lurraldebuseko UK08 lineako Aia-Orio arteko zerbitzua, baina aldi berean, Aia-Zarautz artekoa erabat murriztu zuten, eta berehala hasi ziren herritarren kexak.
Egoera horren aurrean, Aiako Udala aste horretan bertan hasi zen aldundiarekin egoera aztertzen, "irtenbide ezberdinak bideratzeko", gaur sare sozialetan zabaldutako oharrean jakinarazi duenez. Azkenean, "egokiena, lehengo ordutegira bueltatzea" izango dela adostu dute bi erakundeek. Hala, abenduaren 9tik aurrera ohiko zerbitzua eskainiko du Lurraldebusek, hau da, azaroaren 17az aurretik eskaintzen zuena.
Jon Ander Azpiroz alkateak sinatutako oharrean, azaldu du garraioaren gaia lantzeko udalak "berehala" jarriko duela martxan batzorde anitz bat: "Benetan sentitzen dugu bitarte honetan sortu diren eragozpen eta egonezinak, ez zen hori gure nahia. Jakin, udalak berehala batzorde bat jarriko duela martxan, erabiltzaile ezberdinez osatua, etorkizunerako ordutegi egokiago bat elkarrekin diseinatu ahal izateko, gure helburu eta betebeharra hori baita".