Larunbat honetan gizonezkoen futboleko Euskal Selekzioak Palestinaren aurka jokatuko du partida San Mamesen 20:30ean, eta Euskadiko Futbol Federazioak jakinarazi duenez, konbokatutako futbolarien zerrendara gehituko dute Urko Iruretagoiena Izeta aiarra, baita Jorge Herrando eta Pablo Ibañez ere. Izan ere, Aritz Elustondo, Ivan Martin eta Borja Sainz min hartuta daude, eta horiek ordezkatuko dituzte.
Athleticen jokatzen duen aiarraz gain, eskualdeko gehiago ere deitu dituzte norgehiagoka berezi horretarako: Igor Zubeldia azkoitiarra (Reala) eta Jon Guridi (Alaves) eta Unai Marrero (Reala) azpeitiarrak.
Aiatik autobusa
Hain justu, partida ikustera joateko autobusak jarri dituzte zenbait herritatik, tartean Aiatik ere bai, Izeta zelaian izango zela jakin aurretik.
Aiatik 12:30ean abiatuko da Aiako Udalak antolatutako autobusa. Txartelak 25 euro balio du, eta eskuratzeko, interesdunek Iturriozena tabernara jo dezakete. Adin txikikoek, aldiz, heldu batekin batera joan beharko dute.
Lagunarteko partida ikusteko sarrerak salgai dira Euskadiko Futbol Federazioaren webgunean, eta irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira. Egun berean, Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek mobilizazioa deitu dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, eta San Mameseko Zabaldegian amaituko da.