Aiako Pala Taldeko bi pilotarik hitzordu garrantzitsuak dituzte asteburu honetan eta hurrengoan, bigarren mailatik lehenengo mailara igotzeko lehiatuko baitira Gari Zubillaga eta Iban Aldalur.
Finalerdietan daude, lau bikote bakarrik gelditzen dira lehian, eta horietatik bi igoko dira mailaz. Hau da, oraingo kanporaketa pasaz gero, txartela lortuko lukete, finala irabazi ez arren, bi finalistak automatikoki igotzen direlako. Lortuz gero "sari potoloa" litzatekeela nabarmendu dute aiarrek, eta horren bila joango direla.
Joaneko partida Loiolan jokatuko dute gaur, larunbata, 17:00etan, eta itzulikoa, berriz, etxean jokatuko dute, Aian bertan.
Bigarren mailan hamasei bikotek jokatzen dute liga, hirugarren mailan 40 bikotek, eta lehenengoan, berriz, soilik zortzik. Bigarren mailatik lehenengora bi bikote igotzen dira, eta beste bi jaisten dira lehenengo mailatik bigarrenera.