Trikiti Jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute urte amaierarako

Aiora Arriola 2025eko azaroaren 9a

Pasa den urteko arrakastaren ondoren, Aiako II.Trikiti Jaialdia ospatuko dute abenduaren 20an Probalekuan. Jarraian, afaltzeko aukera ere egongo da. Datorren asteartean jarriko dituzte sarrerak salgai.

Sekulako arrakasta izan zuen Aiako I.Trikiti Jaialdiak, ehundaka herritar zein kanpotar gerturatu baitziren bertara. Horregatik, aurten jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute urte amaierarako. Abenduaren 20an izango da jaialdia, larunbatarekin batera, eta 17:00etan hasiko da Probalekuan.

Hainbat musikari izango dira bertan: Zabale anaiak eta Enaitz eta Oier; Josune eta Aitziber Otegi; Arene eta Uxue; Beñar eta Amaiur Luluguaga; Etxabe anaiak; Kris Solano eta Iruzta; eta Xabi Etxaniz eta Oihan Mendizabal.

Trikitiaren ondoren, jana eta edanaz gozatzeko aukera ere egongo da Probalekuan Euskal Parrillaren eskutik antolatuko duten afarian. 21:00etatik aurrera hasiko dira otorduak ematen.

Sarrerak, asteartetik aurrera

Jaialdirako nahiz afarirako sarrerak, internet bidez edo Kultur Etxean (943-13 09 24) eskuratu ahalko dira datorren asteartetik aurrera, azaroaren 11.

Jaialdikoak 10 euroan daude salgai, eta afarikoak 25 euroan. Honako hau izango da eskainiko duten menua: Entsalada mistoa, iberikoak, piper beteak, oilaskoa eta ogi torrada. Edariak, ogia eta kafea ere prezioaren barruan sartuta daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide