"Kultura berri bat datorkigu Aiara, praktika linguistiko berriak proban jartzeko aukera izango dugu: edonork, edonorekin, edonoiz euskara hitz egiteko aukera zabaldu digute euskaldunoi uler-saioek". Hala laburbildu du Unai Ormaetxea arduradunak Gipuzkoa Arigune proba pilotuari esker martxan jarri dutena Aian. Taupa Euskaltzale Mugimenduak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Badalab euskararen laborategiak eta Soziolinguitika Klusterrak sortu dute Gipuzkoa Arigune, eta 31 aiarrek eman dute izena.
"Uler-saioek orain artean euskarara hurbiltzeko urratsik egin ez duen jendea hurbiltzea du helburu, eta ahozko ulermena lortzea dauka jomugan, Aldaitz metodologia berritzailea erabiliz", azaldu du Ormaetxeak.
Gogorarazi du Aiako herritarrak herriko erakundeekin batera talde bat osatu zutela eta proiektu hau sustatzen aritu direla urtebetez. "Uda aurretik Aiako herritarren artean informazioa zabaldu zen eta orain jaso da horren uzta. Aurkezpen saioa izan zen irailaren 23an Aiako Kultur Etxean, eta bertan jende asko bildu zen. Horietatik 31 lagunek eman dute izena uler-saioetan, eta bi talde sortu dira oraingoz, bata goizez eta bestea arratsaldez, astearte eta ostegunetan".
Ormaetxeak herritar guztiei eskatu die euskararen alde egin dezatela, bereziki euskaldunei: "Erdaldunek egin dute lehen urratsa, orain euskaldunoi dagokigu euskarari eustea", iritzi dio.