Edonork, edonorekin, edonoiz

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025ko ots. 13a, 09:00

Gipuzkoa Arigune proiektua aurkeztu dute, euskararen ulermena orokortzeko eta erabilera aktibatzeko helburuarekin. Aian egin dituzte lehen urratsak.

80ko hamarkadan loratutako euskara elkarteen indarrak batzeko sortu zuten 1996. urtean Euskaltzaleen Topagunea. Elkartearen webguneko informazioaren arabera, "sortu zenetik gaur egunera bitartean, Topagunearen funtzio nagusia izan da elkarte horien zerbitzuetara egotea, baita nazio mailako erakundea izatea, euskarari buruzko pentsamendua eta diskurtsoak sortzeko eta gizarteratzeko gaitasunean indartzea, eta bazkideen formazio eta harrerako mekanismoak eratzea ere".  

Iaz, baina, helburu horiek bete samartuta, "ekarpenak egiteko modu berriak" aurkitzeko asmoarekin eta "euskarak mugimendua behar duela sinetsita", topagune izatetik mugimendu izatera igaro zen elkartea, Taupa izena hartuta. Aipatutako helburu hori betetze aldera, talde horrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera eta Soziolinguistika Klusterraren eta Badalaben laguntzarekin, Gipuzkoa Arigune egitasmoa jarri du martxan. Aurreko ostiralean aurkeztu zuten proiektua, Donostiako Tabakalera kultura zentroan. 

Egitasmoaren abiapuntura iristeko, 2020. urtera egin behar da atzera. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak azaldutakoaren arabera, 2020. urtean, Pello Jauregi soziolinguistak galdera bat egin zion orduan Gipuzkoako ahaldun nagusia zen Markel Olanori, lehen horrek Abbadia saria jaso zuenean: "Noizko Gipuzkoa osoa arigune?". "Erronkari heldu zion Olanok, eta horren emaitza da ilusio handia pizten digun proiektu hau. Amets bat litzateke Gipuzkoa osoa arigune izatea", gehitu du aldundiko kideak.

Zer da, ordea, Gipuzkoa Arigune? Jasone Mendizabal da proiektuaren koordinatzaile nagusia, eta haren hitzetan, "etorkizuneko ikuspegi bat da non edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz mintzatzeko aukera izango duen". Hori gertatzeko gutxieneko bi baldintza aipatu ditu Mendizabalek: bata, euskara erabiltzeko gutxieneko ulermena izatea bi aldeek, eta, bestea, euskaraz hitz egiteko gogoa edo grina edukitzea. Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariaren arabera, egitasmoa martxan jartzeko leku aproposena da Gipuzkoa, "soziolinguistika aldetik abantaila gehien dituen lurraldea delako". Ideia horri jarraika, Taupako zuzendariak azaldu du "ezagutza datuek aspalditxotik goia jo dutela" -eremu euskaldunetan galerarekin, gainera-. "Horregatik, testuinguruak eskatzen zigun zerbait desberdina egitea, eta euskalgintza instituzional eta sozial guztia ideiei bueltaka hasi ginen", gehitu du. 

Metodologia berritzailea

Proiektuak lau ardatz izango ditu, Taupako zuzendariaren arabera. Lehenik eta behin, komunitatearen parte hartzea; horretarako, talde dinamikak sustatuko dituzte herriz herri, eta baliabide horiek esku-eskura jarriko dizkiete herritarrei. Bigarren elementua litzateke parte hartze kolektiboa, hirugarrena adostasun zabala, eta, azkenik, metodologia berritzaileak leudeke. Azken horri dagokionez, Mikel Ozaita Taupako koordinatzaileak eman ditu azalpenak: Aldahitz ikerketa jarriko dute martxan. Horren hipotesia da hitz egiten hasteko ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea; ulertzea nahikoa izan daitekeela bestea euskaraz hitz egiten hasteko, betiere, horretarako testuingurua sortuz gero.

Horretarako, hiru metodologia ari dira prototipatzen, pilotatzen eta garatzen: arlo informalean probatzen hasi diren Uler-saioak –ulermena lortzea da xedea; 120 ordutan, B1 ulermen mailara iristea–; Ulerrizketa –euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzen dira–; eta Eusle –euskara erabiltzeko konpromisoa hartzeko; Euskaraldiako rolak dira horren adibide–. Ozaitak azaldu du herritarren arteko kooperazioa dela metodologia horien bereizgarrietako bat. «Hiztunek elkarren arteko harremanetan eta elkar lagunduz garatzen dituzte gaitasun berriak, eta gaitasun horiek praktika berri bilakatzeko testuinguru bat ere topatzen dute, elkarri hizkuntza ohiturak aldatzeko zilegitasuna aitortuz».

Hiru leku probarako

Momentuz, esperimentazio fasean dago proiektua, eta lehen pauso horiek emateko Gipuzkoako hiru leku aukeratu dituzte: Donostiako Añorga auzoa, Aia eta Antzuola. Ez dituzte ausaz aukeratu, baizik eta hainbat arrazoigatik. Alde batetik, "herri edo auzo koxkorrak" direlako horiek, eta badituztelako euren azpiegiturak. Bestetik, eskualde desberdinetan daudelako, eta, azkenik, ezaugarri ezberdinak dituztelako: batzuk landa eremutik gertuago daude besteak baino, batzuk herriak dira, bestea auzoa... Gainera, gune horietako alderdiekin, eragileekin eta norbanakoekin dagoeneko egin dituzte azalpen saioak. Hiru leku horietan lanketa egin eta gero, Ozaitak gaineratu du asmoa dela "plangintza orokor bat osatzea". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide