Zazpi egunez ospatuko dituzte Urdanetan San Martin festak

Julene Sorarrain 2025ko aza. 1a, 11:00

Iazko harri jasotze txapelketa, Urdanetako sanmartinetan. (utzitakoa)

Azaroaren 7an, ostiralarekin, hasiko dituzte jaiak Aiako auzoan, eta azaroaren 16an amaitu, oilasko biltzearekin. Auzo afarirako txartelak astelehenera arte egongo dira salgai, egun hori barne.

Azaroaren 11n, asteartearekin, ospatuko dute aurten San Martin eguna, eta Aiako Urdaneta auzoan dagoeneko prest dute jaietarako egitarau biribila.

Azaroaren 7an, esaterako, auzo afaria egingo dute frontoian, eta harako txartelak aurrez hartu behar dira. Hain zuzen, astelehena, hilak 3, izango da horiek erosteko azken eguna. Zarauzko Udaberri jatetxean eta Izeta sagardotegian egongo dira txartelak salgai. Mahairik ez dute erreserbatuko; horiek momentuan bertan hartu beharko dituzte herritarrek.

Azaroaren 8an, berriz, mus txapelketa egingo dute Indamendi elkartean, 17:00etan hasita, eta bertan jokatu ahal izateko hogei euro ordaindu beharko dira. Bikote irabazleak txapela, garaikurra eta izen ematean bildutako diruaren %30 jasoko du; bigarren bikoteak garaikurra eta izen ematearen %20; hirugarrenak izen ematearen %10; eta laugarren bikoteak, azkenik, izen ematearen %5.

Egitaraua

Azaroak 7, ostirala

  • 19:00. Txupinazoa.
  • Jarraian, trikipoteoa Enaitz Alberdi eta Errearek alaiturik.
  • 21:00. Auzo afaria, frontoian. Auzo afarirako txartelak Izeta Sagardotegian eta Zarauzko Udaberri jatetxean izango dira salgai. Azaroaren 3a (barne) baino lehen hartu beharko dira.
  • Afalostean, erromeria frontoian, Enaitz Alberdi eta Errearen eskutik. Ximor taberna ere zabalik izango da goizaldera arte, DJ Indateren eskutik. 

Azaroak 8, larunbata

  • 17:00. Mus txapelketa, Indamendi elkartean. 
  • 17:00. Haurrentzako jolasak. Txokolate beroa izango da nahi duenarentzat, baita sorpresa ugari ere.
  • 00:30. DJ Boletusrumberus izango da Ximor tabernan goizaldera arte.

Azaroak 9, igandea: Jubilatuen Eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko helduen pala eta esku pelota txapelketako finalak.
  • 14:00. Auzoko nagusiekin bazkaria Indamendi elkartean, Angel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia bertsolariekin eta Elizagoien ahizpa trikitilariekin.
  • 18:00. Gipuzkoako Lehen Mailako emakume aizkolarien txapelketa eta gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketa. 
  • Jarraian, erromeria Elizagoien ahizpa trikitilariekin.

Azaroak 11, asteartea: San Martin eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Jarraian, tortilla patata lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirolak.
  • 18:00. Erromeria, Laja eta Lutxurdioren eskutik.

Azaroak 14, ostirala

  • 00:00. DJ Bon eta DJ Patx, Ximor tabernan goizaldera arte.

Azaroak 15, larunbata

  • 17:30. Sagardo dastaketa.
  • 19:30. Xaukena elektrotxaranga.
  • 20:00. Txosnan ogitartekoak egongo dira afaltzeko.
  • 21:30. Bide Batez erromeri taldea. 
  • Jarraian, DJ Hidalgo eta DJ Indate, Ximor tabernan goizaldera arte.

Azaroak 16, igandea: Oilasko biltze eguna

  • 07:00. Dianarekin oilasko biltzeari hasiera emango zaio: Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolarekin eta Izer eta Alabier trikitilariekin.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 14:30. Oilasko biltze bazkaria, Indamendi elkartean.
  • 18:00. Herri kirolak. 
    • Aizkoran: Jakes Iruretagoiena Izeta V eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.
    • Harri jasotzen: Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Malen Morandeira eta Maddi Gesalaga.
  • Jarraian, erromeria Izer eta Alabierrekin.
  • Festei amaiera emateko, patata dantza lehiaketa eta traka zaratatsua. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide