Aia

Josu Urrestarazu eta Maddi Olaetxea nagusitu dira Aiako Mendi Dualtoian

Aritz Mutiozabal 2025ko urr. 25a, 20:00

Erakustaldi ederra eskaini dute bi irabazleek, baita Andatza auzoan elkartu diren 70 kirolariek ere. Erreleboka, Aitor Aizkorbek eta Koldo Herrerak osatutako bikoak irabazi du. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko bosgarren proba puntuagarria izan da gaurko proba.

Aiako V. Mendi Duatloia jokatu dute gaur arratsaldean, Andatza auzoan, eta proba osatzen bizkorrenak Josu Urrestarazu idiazabaldarra eta Maddi Olaetxea usurbildarra izan dira. Biak ala biak aise nagusitu dira hasieratik amaieraraino, proba osoan buru joan ondoren. Gisa horretan, Asteasun jokatutako Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko lehen probako emaitza errepikatu dute.

Aiakoa zirkuituko bosgarren proba puntuagarria izan da eta erakustaldi ederra eskaini dute bakarka zein erreleboka lehiatu dirren 70 kirolariek. 15:30ean ekin diote bakarkako lehiakideeak, eta bi minutu geroago, erreleboko multzokoak abiatu dira. Korrikako ibilbideari hiru itzuli eman behar izan dizkiote, sei kilometro 300 metroko desnibel positiboarekin, eta mendiko bizikletako zatiari beste hiru, hamabost kilometro 700 metroko desnibel positiboarekin.

Gizonezkoetan, Urrestarazu jarri da aurretik lehen kilometrotik, eta argi erakutsi du bere nagusitasuna. Guztia eman du, eta amaiera aldera akitu samar iritsi den, kontrolpean izan du lasterketa osoa eta 01:20:13ko denboran geratiu du erlojua. Mendi duatloi zirkuituko sailkapen orokorreko liderra da, eta Aiakoarekin bost probetatik lau irabazi ditu.  Bere atzetik, minutu eta erdi pasatxora, Eneit Vertiz sunbildarra helmugaratu da bigarren postuan, (01:21:56) eta lau minutura, hirugarren postuan, Alberto Gomez del Rio (01:24:17).

Emakumezkoetan, Olaetxeak indartsu ekin dio lasterketari eta erritmo bizi horri eutsi dio denbora osoan zehar. Azkenean, 01:39:12ko denboran osatu ditu korrikako eta bizikletako ibilbideak, lau minutu eta erdiko abantala ederra aterata. Nekane Pradera mallabitarra izan da bigarren, 01:43:56koarekin, eta Ainhoa Marquines idiazabaldarra hirugarren, 01:47:49koarekin. Dena den, Praderak bizikletako azken itzulian harrapatu eta atzean utzi du Marquines. Une honetan, mallabitarrak lidertzari eusten dio zirkuituko sailkapenean.

Erreleboka, berriz, Aitor Aizkorbe eta Koldo Herrera izan dira txapeldun (01:17:15), eta podiuma ondorengoek osatu dute: Unai Altuna eta Haritz Artano bigarren postuan (01:21:58), eta Jon Aldalur eta Andoni Egiguren hirugarren (01:24:13). Bikote mistoetan, bien bitartean, Itziar Amutxastegi keta Ibon Markinak osatutako izan da lehena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide