Azaroaren 3an eta 4an Aian jokatzekoa zen Kintopeko XXXI. Idi Txapelketa bertan behera gelditu da. Hala baieztatu dio Gukari Aiako Udalak. Izan ere, gaurko albistea da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak debekatu egin dituztela abere azokak azaroaren 30era arte, prebentzio gisa, behiei eragiten ari zaien dermatosi nodular kutsakorra dela eta.
Gaitza intsektuek transmititzen diete behiei, eta eragin handia dauka, aziendako behi bakarra gaixotu arren, ukuiluko guztiak akabatu beharra dagoelako, Europako araudiak hala agintzen baitu. Oraingoz Euskal Herrian ez da kasurik atzeman, baina bai Frantzian eta Katalunian. Hogei positibo inguru hauteman dituzte Gironan, eta 2.000 behi baino gehiago akabatu behar izan dituzte.