Kintopeko XXXI. Idi Txapelketa jokatuko dute Aian azaroa hastearekin bat. Zehazki, hilaren 3an eta 4an izango dira hitzorduak, astelehenean eta asteartean, Aiako Probalekuan. Bi egunetan 21:00etan hasiko dira lanean idiak. Okelan harria mugitu beharko dute, 1.800 kiloko pieza.
Gipuzkoako Herri Kirol Federakuntzak kontrolatuko ditu bi egunetako probak, eta puntuagarriak izango dira Gipuzkoako Txapelketarako.
Aurreneko egunean Etxetxoren (Arroa) eta Mendipe Elkartearen (Jatabe, Bizkaia) idiak ibiliko dira probalekuan aurrera eta atzera. Bigarren egunean, berriz, herriko bat lehiatuko da, Patxi Arzadun, Iñaki Lopategi (Birle, Bizkaia) eta Ipinarrieta (Urretxu, Gipuzkoa).
Irabazleak 1.400 euro jasoko ditu diru saritan, baita manta eta oroigarria ere. Bigarren egiten duenak 1.200 euro eta oroigarria eskuratuko ditu, eta hirugarrenak, 1.000 euro eta oroigarria. Azken biak ere ez dira esku hutsik joango Aiatik: 900 eta 800 euro eskuratuko dituzte hurrenez hurren.