Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak antolatzen du Gipuzkoan Gazte Tour, musikari eta arte eszenikoeni bultzada emateko, eta aurten, Aian egingo du geldialdia urriaren 10ean eta 11n.
Urriaren 10ean, ostiralarekin, dantza izango da protagonista, Lohi dantzari gipuzkoarrak eskola emango baitie saiora animatzen diren herritarrei. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Royal Academy of Dance eta Carmen Rocheren Eskola bezalako zentroetan ikasia da, eta bere estiloak dantza garaikidea, urbanoa eta jazza uztartzen ditu. Nazioartean ibilbide handia egina du, eta Dua Lipa bezalako artistekin lan egina da. Saioa Lardizabal eskolako salto gelan izango da 18:00etan eta doakoa izango da, baina izena aurrez eman behar da esteka honetan.
Urriaren 11n, larunbatarekin, berriz, zuzeneko musikaren txanda izango da. Probalekuan izango da hitzordua 19:00etan, eta honako musikariak igoko dira oholtzara: DJ Indate, Anixe, Zilibito Records, Mr. Luken eta DJ Tintz. Kontzertu hauek ere doan izango dira.
Autobus zerbitzu bereziak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak jakinarazi duenez, Aia, Orio eta Zarautz lotzen dituen UK08 linearen zerbitzuak indartuko dituzte larunbatean, arratsaldeko 16:50etik 23:35era. Zehazki, 16:50etik 22:50era Oriotik irten, 20 minutu geroago Aiatik igaro eta Zarautzen amaitzen diren espedizioak, eta beste noranzkoan Zarauztik 17:55ean, 19:55ean eta 21:55ean irteten direnak, Aiatik ere 20 minutu geroago igaro eta Orion amaitzen direnak.