Gotzon Iruretagoiena: "Beste lehiaketak baino zailagoa da hau irabaztea, eta pozik gaude"

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 7a, 14:00

Gotzon Iruretagoiena, gaur, Gipuzkoako Sagardo Txapelketan irabazitako txapel, makila eta diplomarekin. (Utzitakoa)

Gotzon Iruretagoiena Izeta sagar biltzen ari zen atzo arratsaldean, Pasaian (Gipuzkoa) Albaola Itsas Kultur Faktorian Gipuzkoako 24. Sagardo Txapelketako sari banaketa ekitaldia egiten ari ziren bitartean. Ez zekien Sebastian aita sari nagusiarekin itzuliko zenik etxera, eta pozarren jaso zuen albistea Aiako Izeta sagardotegiko semeak.

Izeta sagardotegiak aurreneko aldiz irabazi du Gipuzkoako Sagardo Txapelketa.

Bai. Beste urte batzuetan diploma jaso izan dugu aurreneko sei onenen artean gelditzeagatik, baina txapela ez genuen lortu orain arte. Aspaldian herrietako lehiaketetan ondo genbiltzan, Elgoibarren, Hernialden eta iaz Azpeitian ere irabazita, baina txapelketa honetan adituek ezaugarri zehatzagoak hartzen dituzte kontuan, analisiak ere egiten dira, eta beste kategoria bat daukala esan daiteke; zailagoa da irabaztea, eta pozik gaude.

Zuen aitak jaso zuen saria atzoko ekitaldian.

Bai. Gu sagar biltzen ari ginen, eta gurasoei esan genien beraiek joateko ekitaldira. Albaolan izan gabe zeuden, eta hura bisitatuz, arratsalde pasa egiteko esan genien, erretiratuta baitaude. Aurrez ez da jakitekn zeinek irabazi duen, eta kasualitatez, begira. Sekulako ilusioa egin zigun denoi txapela geuk irabazteak. 

Analisiak ere egiten dituzte, beraz, lehiaketa horretan.

Bai, hainbat parametro gainditu behar ditu sagardoak analisietan; esaterako, bertako sagarrarekin egindakoa izan behar du, jatorri izendapena duena, bestela ezin duzu lehiaketa horretara aurkeztu. Horrez gain, epaimahai batek katatzen ditu sagardoak, onena aukeratzeko. 

Zuek aurkeztutako sagardoa nolakoa dela esango zenuke?

Iazko uztakoa da, urrikoa. Esan bezala, etxeko sagarrarekin egindakoa izan da, jatorri izendapena duena, eta gorputzez aurtengoak baino dezente handiagoak. Ez zen aurten bezainbeste sagar, eta beraz, gorputz handia zuen, eta usaimenari ere eutsi egin zion; askotan ez da erraza izaten hori. Beraz, bi ezaugarri horiek azpimarratuko nituzke: gorputza, eta usaimena.

Eta aurtengo uzta nola dator?

Sagarrondoak, askotan, bi urtean behin ematen du sagar asko, eta aurten ari da ematen. Sagar asko ematearen arazoa izaten da gorputz gutxi izaten duela, kalitatea pixka bat apalduz. Oraingoz itxura polita dauka, baina ikusi egin behar da: orain muztioa ari gara egiten, eta gero, sagardoa egiteko prozesuan, ikusiko da; oraindik goiz da esateko.

Zeuen sagastiak dituzuela esan duzu. Non eta zenbat?

Etxean bertan ditugu, Aian, zazpi-zortzi hektarea, eta inguruko baserrietakoei ere erosten diegu: Itziarkoei, Debakoei, Zumaiakoei... Hemengoarekin osatzen saiatzen gara; ezin denean, kanpora ere jotzen dugu.

Zenbat eta nora saltzen duzue?

Gure bodega ez da oso handia, 130.000 litro inguru egiten ditugu, eta %70 hemengo sagarrarekin egiten dugu. Bertan saltzen da gehiena, Euskal Herrian, nahiz eta kantitate txiki bat bidaltzen dugun Ameriketako Estatu Batuetara eta Kanadara.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide