Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo arratsaldean banatu zituen Gipuzkoako 24. Sagardo Lehiaketaren sariak, eta Izeta sagardotegia izan da aurtengo edizioaren irabazlea. Sebastian Iruretagoiena aiarrak jaso zuen saria: diploma, txapela eta makila, baita 3.000 euro ere. Bigarren saria Zapiain sagardotegiak irabazi du, eta hirugarrena, Altzueta sagardotegiak. Sagardo apardun onenaren saria eta sagardo berritzaileari saria ere banatu zituzten; aurrenekoa Aburuza sagardotegiak jaso zuen, eta bigarrena, Itxasburu sagardotegiak, Moko barietatedun sagardoarekin egindako Batekoa sagardoagatik.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak aukeratutako sommelier eta dastatzaile "ospetsuek" osatu dute epaimahaia. Dastaketa itsuan egin zuten, "kontseilu arautzaileak berak proposatutako metodologia zorrotz bati jarraituz". Saritutako sagardo guztiek zigilu bat eraman ahal izango dute botiletan, datorren urte osoan, urrearen eta zilarraren sailkapena erakusteko.
Aldundiak Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola Itsas Kultur Faktoria aukeratu zuen atzoko sari banaketa ekitaldia egiteko, Ipuskoa hitza lehen aldiz agertzen den dokumentu idatziaren milagarren urteurrenaren ospakizunen barruan kokatuz. "Agertoki enblematikoa, aldundiak aukeratua gure lurraren tradizioa eta zaporea ospatzeko, eta sagardoak Gipuzkoako historian izan duen funtsezko papera gogoratzeko", adierazi zuten. "Produktu gutxik konektatzen gaituzte gure lurrarekin eta paisaiarekin, sagardoarekin bezala", gaineratu zuen Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ekitaldiaren hasierako hitzetan. Sagardoaren garrantzi historikoa azpimarratu zuen, "XVI. eta XVII. mendeetan Ternuara bidaiatzen zuten euskal marinelen biziraupenerako funtsezkoa" izan zela gogoraraziz.
Arrutik nabarmendu zuen edizio honen helburua sagardogileek egunez egun edari hori ekoizten egiten duten lana aitortzea dela, "gure nortasunaren eta kulturaren sinbolo baita". Era berean, sustrai horiek tinko mantentzen egiten duten ahalegina goraipatu zuen, "kalitatezko sagardo bat Euskal Sagardoa jatorri izen deiturarekin ekoiztuz eta, aldi berean, proposamen berriak berrituz eta garatuz".
Urteroko ekitaldian sagardogileak, dastatzaileak, sektoreko, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako eta aldundiko ordezkariak bildu ziren.
Xabier Agoteri aitortza
Ipuskoa hitzaren milagarren urteurrenaren testuinguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldia aprobetxatu nahi izan zuen Xabier Agote Albaolako zuzendariari omenaldia egiteko, "gure lurraren historiari eta kulturari egindako ekarpenagatik".
Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren eskutik egurrean zizelkatutako sagar bat jaso zuen Agotek, urte hauetan Albaolan egindako lanagatik. Arrutik txalokatu egin zuen Agotek egindako ekarpena "urte luzez euskaldunon itsas historia ahanzturatik erreskatatzen eta gu guztioi erakusten zeinen garrantzitsua den itsasoa gure historian eta gure herri izaeran".