Aiako Udalak eta Turismo sailak antolatuta, bi ikuskizun eskainiko dituzte datozen hiletan Probalekuko oholtza gainean.
Udako oporraldiaren ostean, urriaren 4ean, aurten estrainatu den Arizona antzezlana ikusteko aukera izango dute herritarrek, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin batera. Azaroaren 29an, aldiz, Gari iritsiko da Probalekura. 30 urte betetzen dira bere bakarkako ibilbideari ekin zionetik eta, "elkarrekin ospatu, abestiak berreskuratu eta inoiz bezela gozatzeko aukera paregabea izango da Probalekukoa", eman dute aditzera udaletik.
Hala, bihartik aurrera izango dira eskuragai antzezlanerako nahiz kontzerturako sarrerak aiaturismoa.eus atari digitalean. Gainera, bi ikuskizunetara gerturatzeko asmoa dutenek, bonoa erosteko aukera ere izango dute.