Izeta Bikote Mistoen Mendi Lasterketa Solidarioko izen ematea zabalik dago

Aiora Arriola 2025ko abu. 20a, 13:00

Izeta Sagardotegia Marea Urdina mendi lasterketa (Izeta Sagardotegia)

Irailaren 21ean izango da Izeta Bikote Mistoen Mendi Lasterketa Solidarioa, eta haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute. Marea Urdina taldeari laguntza ematea da kirol ekitaldi honen asmoa, eta izena emateko epea irailaren 19ra arte egongo da irekita.

Izeta bikote mistoen 2025eko mendi lasterketa solidarioan izena emateko epea zabalik dago, eta edonork izango du ibilaldia egiteko aukera, etxeko txikienak barne. Irailaren 19ra arte egongo da parte hartzeko epea irekia Kronoak.com atarian, eta bikote bakoitzeko 25 euro ordaindu beharko dira.

Irailaren 21ean egingo da lasterketa, igandean, Izeta Sagardotegiko sagastietan barrena –Elkano auzoa, Urdaneta bidea, Aia–. 9:30etan hasiko da egitasmoa, eta 420eko desnibela duen 6,4 kilometroko ibilbidea egin beharko da. Jarraian, hamalau urtetik beherako haurrentzat egokituta egongo den 700 metroko ibilaldia ere egingo da.

Bikote mistoz osatutako lasterketa herrikoi hau Izeta Sagardotegiak burutu du, Marea Urdinaren helburu solidarioarekin bat egiteko asmoz. Aniztasun funtzionala duten pertsonenganako sentsibilizazioa gizarteratu nahi dute, eta, horretarako, laguntza ekonomikoa bideratu.

Antolatzaileek azpimarratu dute lasterketa egiteaz gain, txaloka animatzera joateko aukera ere egongo dela, baita hamaiketakoa egitekoa ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide