Aiako festak 2025

Jendez gainezka eta arrakasta handiz, amaitu dira Aiako jaiak

Aiora Arriola 2025ko abu. 11a, 10:41

Asteburuan eman zaie amaiera Aiako jaiei kontzertu ugari eskainiz, eta guztietara inguratu da jendea, plaza goraino betez.

Atzo amaitu ziren Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiak, eta festek bezalaxe, izugarrizko arrakasta izan dute asteburuan izan diren kontzertu guztiek; Gozategi, Su ta Gar eta Puro Relajo musika taldeek eskainitakoek.

Asteazkenetik igandera arte ospatu dituzte jaiak, baina azken egunetan, asteburuarekin batera, hainbat kontzertu izan dira herriko plazan: Sukena, Gozategi, Enbata Lorade, Su ta Gar, DJ Jotatxo, Puro Relajo... Emanaldi guztietan plaza jendez leporaino bete da.

Horrez gain, beste zenbait ekitaldi ere izan dira festen barruan, eta horietan ere herritar ugarik parte hartu dute. Festei modu ederrean eman diete bukaera aiarrek.

Pilota partidetan, ikusmina

Atzo eguerdian jokatu zituzten pilota partidek ere ikusmina piztu zuten herritarren artean. Lehen partida, emakumezkoen gomazko paletan, Nahia Eizmendi eta Garazi Eizmendi nor baino nor aritu ziren Amaia Irazustabarrenaren eta Ana Kerejetaren aurka. Eizmenditarrek irabazi zuten, markagailuan 25-17 nagusituta.

Bigarren partidan, gizonezkoak aritu ziren eskuz. Lorentz Orbegozo eta Unai Albeniz Julen Alberdiren eta Julen Aizpururen aurka. Azken horiek irabazi zuten lehia, 22-20 aurre hartuta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide