Asteazken arratsaldean hasi zituzten Aian San Lorentzo eta San Donato jaiak, eta igande gauean amaituko da festa. Gaur, jaien erdi-erdian, Umeen Eguna ari dira ospatzen. Eguerdian askotariko jokoak egin dituzte plazan, aurrena umeek, eta gero, nerabeek eta gurasoek. Festa batzordeak ondo pasatzeko jokoak prestatu ditu, eta partaideek tarte dibertigarria igaro dute. Umeentzat oparitxoa ere egon da amaieran: giltzak eta edalontziak lotzekoak eta margoz betetako kartutxera txikiak egon dira aukeran, eta denentzat, baita paxientzi opil eskukada bat ere zorrotxoetan txukun-txukun bilduta.
Familien bazkaria egin dute ondoren, frontoian, eta antolatzaileek azaldu dutenez, 210 lagun elkartu dira otorduan.
Arratsalde partean ere egongo da zer egina Aiako plaza inguruan, puzgarriak eta tailerrak antolatu baitituzte umeentzat 16:30etik aurrera. 19:30ean, berriz, kalejira egingo dute buruhandi eta trikitilariekin, eta 22:00etan kontzertuak izango dira: Sukena aurrena, eta Gozategi, gero. DJ Indateren musikak emango dio ongietorria egun berriari.
(Argazkiak: Aiako festa batzordea eta Onintza Lete Arrieta)