Maykel del Cid zenaren oroimenezko Auto Klasikoen XXII. Rallya egingo dute bihar. Azpeititik abiatu eta Gipuzkoako nahiz Nafarroako errepideetan barrena ibiliko dira parte hartzaileak; Lagun Artea eskuderiak jakinarazi duenez, 86 taldek eman dute izena. Rallya 11:00etan hasiko da, eta hainbat tramo gauzatu beharko dituzte partaideek. Orotara, 250 kilometroko ibilbidea egingo dute, 25 urtetik gorako autoetan.
Arratsaldean Aiako zatia egingo dute, Zarautzen bukatuko dena. Ohi bezala, geldialdia egingo dute herrian, 17:30 aldera; iaz malekoian –Dama parean–egin bazuten, aurten Munoa plazan izango dira auto denak ordubete inguruz. Jarraian, Meaga mendatetik jarraituko dute bidea, eta Azpeitiko Epaitegiaren plazara itzuliko dira autoak 20:00etarako.