Aia

Aiako VII. Gazte Eguneko egitaraua, prest

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 11a, 09:43

Kuadrilla bat, paella banatzen Gazte Egunean.

Abuztuaren 2an, larunbatarekin, ospatuko dute herriko gazteek beren eguna. Paella lehiaketako txartelak uztailaren 21ean jarriko dituzte salgai.

Abuztua hastearekin bat lehertuko da festa Aian, eta herriko gazteek prestatu dute beren eguna: abuztuaren 2an, larunbatarekin, ospatuko dute VII. Gazte Eguna. Eguerdia baino lehen hasi, eta gauera arteko ekintzak prestatu dituzte, tartean, paella lehiaketa.

Lehiaketan parte hartzen dutenek 14:30erako aurkeztu beharko duten beren paella, eta antolatzaileek jarriko dituzte osagai nagusiak: arroza, olioa, gatza eta parrillak. Azken horiek ere antolatzaileek piztuko dituzte.

Ondoren herri bazkarian jango dituzte paellak, eta bazkarirako txartelak uztailaren 21ean jarriko dituzte salgai, igerilekuko tabernan, eta hilaren 31ra arte eskuratu ahalko dira horiek. Eskatu dute txartelak erosteko izen-ematea taldeka egitea, eta jakinarazi dute nork bere etxetik eraman beharko dituela platerak eta sardexkak. Antolatzaileek jarriko dituzte edaria eta bazkalondoko kafea eta txupitoa.

Gainera, kamisetak eta edalontziak oparituko dituzte.

Langileek 15 euro ordaindu beharko dute txartel bakoitza eta, langabetuek, 12 euro.

Egitaraua

  • 11:15. Txosnen irekiera.
  • 11:30. Ume handientzako jokoak.
  • 14:30. Paella lehiaketa eta bazkaria.
  • 18:30. Elektro Txufla txaranga.
  • 22:30. Kontzertuak: Nafarroa 1512, Skarregekasko, Latxama.
  • Ondoren, DJ Bon.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide