Aia

Aiako Pala Taldea Herriarteko txapelketatik kanpo geratu da

Julene Sorarrain 2025ko eka. 23a, 10:30

Aiako Pala Taldeko pilotariak. (utzitakoa)

Atzo jokatu zituzten aiarrek Herriarteko finalerdietako itzulerako partiduak etxetik kanpo Astigarragaren aurka. Hirutik bi partidu galduta, eta 4-2 emaitzarekin amaituta, lehiatik kanpo geratu dira.

Aiako Pala Taldeko pilotariek atzo jokatu zituzten Herriarteko finalerdietako itzulerako partidak Astigarragan (Gipuzkoa). Aurretik 1-2 emaitza eskuratu zuten joanekoan, eta atzo beste behin, 2-1 emaitzarekin galdu zuten. Hortaz, 4-2 emaitzarekin kanporatu da Aia, eta Astigarragak eskuratu du finalerako txartela.

Lehenengo partidan Axier Luluaga eta Aimar Aranberri aritu ziren aurrez aurre. Partidu "oso estua" izan zela kontatu dute aiarrek, eta Aranberrik ere lan ona egin zuen arren, 20-17 emaitzarekin galdu eta Astigarragarentzat izan zen puntua.

Ondoren, binakakoa jokatu zuten Zubillagak eta Aldalurrek, Axier Salaberria eta Beñat Zubiarrainen aurka. Joanekoan 5-20 emaitzarekin galdu zuten aiarrek, baina oraingoan “errebantxa” lortu ahal izan zuten. Partidu "oso gogorra" izan zela gehitu dute, ordubetekoa zehazki, eta amaieran 16-20 emaitzarekin irabazi zuten.

Azkenengo partidan, joanekoan jokatu zuten pilotari berdinek hartu zuten lekukoa: Urdangarinek ordezkatu zuen Astigarraga, eta Sarasolak, berriz, Aia. Taldekideek azaldu duten moduan, joanekoan bezala izan zen partidua, izan ere, Urdangarinek "erraztasunarekin" irabazi zuen, eta 20-12 emaitzarekin, Astigarragarentzako izan zen puntua. Hortaz, Aia lehiatik kanpo geratu da, eta Astigarraga sailkatu da finaletarako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide