Lau talde lehiatu dira aizkora eta harri jasotzea uztartzen dituen Kirol Herri izeneko herri kirol txapelketa berrian, eta bi jardunaldi jokatuta, finalerako txartelak banatuta gelditu dira. Lehen jardunaldia joan den igandean izan zen Debako Aldats frontoian, eta atzo 18:00etan hasita, berriz, Aiako frontoian egin zuten bigarren jardunaldia. Talde bat Iker Vicentek, Ainitze Zumeta zarauztarrak eta Gari Garmendiak osatu zuten atzokoan; eta bestea, Julen Alberdi Txikia IV. azkoitiarrak, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilagunak eta Estefania Etxebestek. Azken horiek lortu zuten garaipena Aian.
Lehendabiziko jardunaldian, berriz, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa zarauztarrek osatu zuten taldea Hodei Ezpeletarekin, eta horien aurka aritu ziren Beñat Telleria, Maddi Gesalaga zarauztarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Ordukoan ere bigarren taldeak lortu zuen finalerako txartela.
Finala Zarautzen izango da uztailaren 15ean, Lege Zaharren Enparantzan, eta hortaz, eskualdeko kide asko ariko dira lehian nor baino nor txapelaren bila.
(Argazkiak: Ibon Errazu)