Kirol Herri txapelketa aurkeztu zuten Zarautzen joan den astean, "herri kirolen ikuspegi berritzaile batetik sortutako liga formatuko lehiaketa". Aizkora eta harri-jasotzea uztartzen ditu lehiaketa horrek, eta Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak taldeak sortu du herri kiroletan "parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola" uztartzeko asmoz.
Lau talde ari dira parte hartzen, eta bi jardunaldi jokatuko dituzte, hitzordu bakoitzean bina talde ariko baitira. Irabazleak finalerako txartela lortuko du. Lehen jardunaldia joan den igandean izan zen Debako Aldats frontoian, eta gaur 18:00etan hasita, berriz, Aiako plazan egingo dute bigarren jardunaldia. Talde bat Iker Vicentek, Ainitze Zumeta zarauztarrak eta Gari Garmendiak osatuko dute; eta bestea, Julen Alberdi Txikia IV. azkoitiarrak, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilagunak eta Estefania Etxebestek.
Finala, berriz, Zarautzen izango da uztailaren 15ean, Lege Zaharren Enparantzan.
Eskualdeko kirolari gehiago ere bada partaideen artean: Mikel Lopetegi Urra , Maddi Gesalaga eta Lierni Osa zarauztarrak, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Horien taldekideak dira Hodei Ezpeleta eta Beñat Telleria.