Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak taldearen ekimenez, "herri kirolen ikuspegi berritzaile batetik sortutako liga formatuko lehiaketa" jaio berri da: Kirol Herri txapelketa. Aizkora eta harri-jasotzea uztartzen ditu lehiaketa horrek, eta herri kiroletan "parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola" uztartu nahi ditu. Atzo aurkeztu zuten txapelketa Zarauzko Argiñano jatetxearen parean, eta bertan izan ziren antolatzaileak eta parte hartzaileetako batzuk.
Xabat Olaizola taldeko kideak azaldutakoaren arabera, lau taldek osatuko dute Kirol Herri. Bi jardunaldi jokatuko dituzte, bina taldek parte hartuko dute hitzordu bakoitzean, eta irabazleak finalerako txartela lortuko du. Lehen jardunaldia igande honetan izango da, Debako Aldats frontoian 12:00etan. Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa zarauztarrek taldea osatuko dute Hodei Ezpeletarekin, eta horien aurka ariko dira Beñat Telleria, Maddi Gesalaga zarauztarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra.
Hilaren 21ean, aldiz, Aiako plazan jokatuko dute bigarren kanporaketa beste bi taldeek: alde batetik, Iker Vicentek, Ainitze Zumeta zarauztarrak eta Gari Garmendiak; eta bestetik, Julen Alberdi Txikia IV. azkoitiarrak, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilagunak eta Estefania Etxebestek. Zarautzen izango da finala uztailaren 15ean Lege Zaharren Enparantzan.