Aiako adin txikikoen zentroko hezitzaile bati tutoretzapeko adingabe bati sexu erasoak egitea egotzi diote

Julene Sorarrain 2025ko eka. 11a, 11:57

Gipuzkoako Lurralde Auzitegia, Donostian. (Utzitakoa)

Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eskatu du gizonarentzat, sexu gehiegikeriez gain, adingabeari zentrotik ihes egiten lagundu izana ere leporatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak gertakariak salatu ditu eta biktimari babesa azaldu dio.

Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eskatu du Aiako adingabeen zentroko hezitzaile batentzat, "egoiliar bati abusuak egin izana" egotzita, eta horrez gain, baita hari zentro horretatik ihes egiten lagundu izanagatik ere. Biktima Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean egon da hamarkada batez baino gehiagoz. Hil honetan epaituko dute akusatua Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Lehen Sekzioan.

Gertakariak 2019ko urritik 2022ko otsailera bitartean izan ziren, adingabea Iturriotz Azpi zentroan zegoela, aldundiaren zaintzapean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zainketa eta Gizarte Politiken sailak Gukari adierazi dionez, "gertakarien berri jakin eta berehala" jakinarazi zizkion Fiskaltzari, eta salatu egin zituen. "Urte hauetan guztietan aldundiak adingabeari lagundu dio prozesuan zehar, eta kolaborazio zuzena izan du bere defentsarekin. Orain adinez nagusia denez, aldundiak ezingo du prozesuan defendatu, nahiz eta aurreratu bezala, harreman zuzena duen biktimaren abokatuarekin".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide