Aiak ederki hasi du bidea Herriartekoan, gomazko palan. Zuzenean final laurdenetako kanporaketak jokatu dituzte iaz finalerdietara iritsi zirelako, eta hiru partidetan gailendu dira pilotariak Lasarteren aurka joanekoan. 3-0 emaitzarekin iritsiko dira itzulerakora, beraz. Ostiralean izan ziren joaneko lehiak etxetik kanpo, Loidibarren pilotalekuan, 19:00etan hasita, eta 10-20, 16-20 eta 15-20 emaitzekin gailendu ziren aiarrak.
Aurreneko partida Iban Aldalurrek jokatu zuen Mendizabalen kontra, buruz buru frontoi osoan, eta esan bezala, 10-20 nagusitu zen aiarra. Lasarteko pilotaria oso ondo hasi zela esan dute Aiako Pala Taldekoek, asko arriskatu zuela eta dena ondo atera zitzaiola, baina bigarren zatian Aldalur askoz hobea izan zen, eta hor dago emaitza.
Bigarren partida binakakoa izaten da, eta Aranberri eta Zubillaga bikoteak ere mendean hartu zituen lasartearrak, Arteaga-Artetxe bikotea, 16-20 emaitzarekin. Zubillaga hernia batetik operatu berri da, eta bi hilabete geldirik egonda iritsi da txapelketara. Entrenamendu falta nabaritu arren, partida txukuna egin, eta garaipena etxera ekarri ahal izan zuten, nahiz 14-7 atzetik hasi zuten aiarrek partida.
Azkenik, zazpi koadroaren barruan jokatu zuen buruz burukoa Iker Lizasok Artetxeren kontra. Partida nahiko borrokatua izan zen hori ere, aiarra galtzen joan zelako, baina 15-20 emaitzarekin amaitu zuen lehia.
Itzulerako partidak noiz izango diren ere zehaztu dute: larunbatean izango dira, 17:00etan hasita, Aiako frontoian.