Aiako Kirol Elkarteak antolatuta, XXXXI. Eskuzko Pilota eta XXXIV. Pala Txapelketak jokatuko dituzte hilabete honetan. Partiduak ekainaren bigarren astetik aurrera hasiko dira, eta uda amaierara arte iraungo dute. Palako finalak uztailaren 31ean izango dira, arratsaldez, eta esku pilotako finalak, aldiz, abuztuaren 7an, goizez
Eskuzko pilotako txapelketari dagokionez, hiru kategoria izango dira mutilen artean: 10 urte bitartekoak, 11 eta 15 urte artekoak, eta 16tik gorakoak. Nesken kasuan, berriz, bi maila ezberdinduko dira: 13 urte bitartekoak eta 14 urtetik gorakoak.
Palako txapelketan ere hainbat maila izango dira. Mutilen kasuan, binaka eta banaka hartu ahal. izango dute parte. Bikoteei dagokienez, 10 urte bitartekoak, 11 eta 15 urte artekoak edota 16 urtetik gorakoak izango dira. Azken multzo horretan bi maila bereiztuko dira, eta gomazko pilotarekin lehiatuko dira. Banaka jolastu nahi dutenek, teniseko pilotarekin lehiatuko dira eta 16 urtetik gorakoak izan beharko dute.
Nesken ligan hiru multzo bereiztuko dira: 10 urte bitartekoak, 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik gorakoak.
Bikoteka edo banaka eman daiteke izena, eta gutxienez bikoteko jokalari batek Aian erroldatuta egon beharko du. Izena emateko epea asteazkenean amaituko da, eta horretarako 943-13 09 24 zenbakira deitu edo aiakoke20@gmail.com helbidera idatzi daiteke.