Urtero bezala, aurten ere ekaineko lehen igandearekin batera ospatu dute zarauztarrek eta aiarrek Pagoeta Eguna. Eguraldia ez zen nahi bezalakoa izan, baina horrek ez zuen oztopatu jendearen txangoa, eta dozenaka izan ziren mendiko botak soinean jantzi eta ibilaldi eder bat egitea erabaki zutenak. Ohiturari jarraituz, tontorrera heldu eta bertako gurutzea ukitu ostean, hamaiketakoarekin borobildu zuten goiza askok eta askok.
Aurtengoa, gainera, ez da nolanahiko Pagoeta Eguna izan, 90 urte bete baitira gurutzea jarri zutenetik. 1935. urtean eraman zuten pieza mendi tontorrera, eta gaur egun bezala, herritar mordoa gerturatu zen orduan ere inaugurazio ekitaldira.