Aia

Pagoeta Eguna ospatuko dute mendizaleek igandean

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 28a, 17:00

Artxiboko irudian, Pagoeta Egunean mendizaleak tontorreko gurutzean.

Ekaineko lehen igandean igotzen dira mendizaleak tontorrera, eta aurtengoan ere ez da salda eta txorixo pintxorik faltako gurutze inguruan biltzen direnentzat. Izan ere, dena prest du Pagoeta Mendizale Elkarteak. Aiako EAJk ere plana antolatu du egun horretarako, gurutzea jarri zuteneko 90. urteurrena ospatzeko.

Ekaineko lehen igandean ospatzen da Pagoeta Eguna, eta aurten, igande honetan egokitu da egun seinalatua, ekainaren 1ean. Ohiturari jarraiki, mendizale asko igoko dira Aiako tontorrera, eta beti bezala, goizean goizetik han izango dituzte zain salda beroa eta baita txorixo egosi pintxoak eta edariak ere. 

Pagoeta Mendizale Elkartea arduratzen da dena antolatzeaz, eta Gukari azaldu diote orain pare bat aste hasi zirela prestaketekin. Zenbat jenero eramango duten ere zerrendatu dute: 250 litro salda, 120 kilo txorixo, 216 botila sagardo, 42 botila txakolin eta ura eramango dituzte mendira, igandean herritarrei eskaintzeko. Salda debalde partituko dute; gainerakoa, ordaindu egin beharko da.

Elkartekoek eskaera zehatza egin diete herritarrei: ahal dela, norberak eraman dezala salda hartzeko edalontzia etxetik, eta baita ura ere, ez baitituzte litro asko eramango beraiek.

Laguntzeko prest daudenei deia

Mendizale elkartekoek kontatu dutenez, pixkanaka galtzen ari da Pagoeta Egunean tontorrera igotzeko ohitura, eta laguntzen aritzen den jende kopurua ere urrituz doala nabaritu dute. 

Horregatik, jakinarazi dute norbaitek esku bat botatzeko gogoa baldin badu ostegunetan elkarteak Santa Marina kalean duen lokalean egoten direla arduradunak 20:00etatik 21:00etara, eta hara agertu besterik ez dutela.

Aiako EAJk ere ospatuko du eguna

Aiako EAJk ere plana antolatu du Pagoeta Egunerako. Gurutzea jarri zela 90 urte bete direla ospatzeko, goiz pasa eta bazkaria antolatu ditu. 

Parte hartzera animatzen direnak 10:00etan aterako dira Aiako plazatik, eta 11:30ean pintxo batzuk jan eta talde argazkia aterako dute gurutzean. Herrira bueltatutakoan, berriz, poteoa egingo dute, eta ondoren, 14:00etan, bazkaria izango da Euskal Parrillaren eskutik. Haurren menua 12 euro kostako da, eta helduena, berriz, 22 euro.

Bazkarirako izen-ematea zabalik dago, eta apuntatzeko 605 76 71 07 telefono zenbakira deitu beharko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide